Oiartzungo Udalak Altzibarko urbanizazio lanak bukatu ditu. 2021eko irailean jarri zuen martxan proiektua Udalak, auzoko azpiegitura nagusiak berritu eta irisgarritasuna hobetzeko. Aparkaleku berri bat eta biribilgune bat egiteaz gain, auzoko erdiguneko hoditeria, argiteria, errepideak eta espaloiak berritu dituzte. Azken lan txiki ba-tzuk egiten dabiltzan arren, dagoeneko normaltasunez ibili daiteke auzoko plaza eta inguruetan.

Altzibarko berrurbanizazioa legegintzaldi honetako proiektu estrategikotzat zuen Udalak eta bertan 1,7 milioi euroko inbertsioa egin da.

Auzoko plaza eta inguruan autoak ibili daitezkeen arren, proiektuarekin oinezkoei lehentasuna eman eta hauen mugikortasuna eta segurtasuna hobetu nahi izan da. Horregatik, besteak beste espaloia errepidearen kota berean egin da eta autoen abiadura murrizteko neurri ezberdinak hartu dira.

Udalak eskaera egin du oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza errespetatzeko. Autoak horretarako markatuta dauden tokietan bakarrik uzteko eskatu dute eta bertako bizilagunen kasuan izan ezik, komer-tzioetara joateko ez bada, erdigunetik ibilgailuekin ez pasatzeko.

Duela egun batzuk, Jexux Leonet alkateak eta Olaia Lasa eta Agustin Lekuona zinegotziek Altzibar auzoko biziberritzea nola gelditu den ikusten egon ziren. “Gustura eta pozik” azaldu zen alkatea emaitzarekin. Adierazi zuenez, “auzoa berritzeko proiektua martxan jar-tzeko konpromisoa hartu genuen legealdi hasieran eta lortu dugu Altzibarrek behar zuen modernizazioa gauzatzea”. Orain auzoa “atseginagoa, urbanoagoa eta irisgarriagoa” dela azpimarratu zuen.