Datozen hilabeteetan hautaketa prozesu ezberdinak jarriko ditu martxan Oiartzungo Udalak. Plantilla egonkortu eta zabaldu nahi du horrela, herritarren beharrak erantzun eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskain-tzen jarraitzeko.

Genero ikuspegia bereziki kontuan izan da prozesu hauek definitzeko garaian. Izan ere, eskainiko diren lanpostu berri batzuk bereziki maskulinizatutako sailetan izango dira.

Esaterako, lau udaltzain berri hautatzeko prozesu irekia izango da hurrengo hilabeteetan martxan jarriko den lehenengoa. Oiartzungo Udalak urteak daramatza udaltzaingo eredu propioa bultzatzen, horregatik, EAEn egiten diren prozesu orokorrak erabili beharrean, Udala izango da deialdia egingo duena.

Deialdiaren oinarriak azaroan argitaratzea aurreikusten da. Abenduan izango da izen-ematea, eta proba fisikoak otsailean izango dira.