Alegiako herritarrek Larraitz auzoko ekialdea eraberritzearen eta hondakin bilketa sistemaren inguruko herri galdeketan parte hartuko dute. Bi kasuetan, parte hartze prozesu bidez herritarren eta Udalaren artean adostutako hiru proposamenen artean hautatu ahal izango dute bozkatzera joaten diren herritarrek.

Alegiako udaletxean ordezkari-tza duten bi talde politikoek, EH Bildu eta Aurrera Alegiak, elkarrekin martxan jarri dute egitasmoa. “Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da Udala. Guk, hautetsiok, herri ordezkari garen aldetik, herritarren intereseko edo kezka iturri diren gaietan, erabakiak modu demokratikoan eta gardentasunez, herriari hitza emanez erabakitzeko Alegiako Udalak martxan jarritako prozesua babesten dugu”, azaldu zuen prozesuaren aurkezpenean Arantxa Irazusta alkateak.

18 urtetik gorako eta bozketaren unean herrian erroldatuta dagoen edonork hartu ahal izango du parte bozketan. Larraitz ekialde proiektuaren kasuan, gutunazal urdinak erabiliko dira eta hondakin bilketa sistemari buruzkoek okre kolorea izango dute. Hala ere, aipatu behar da Larraitz ekialderen kasuan, auzoaren alde horretan bizi direnen botoek gainontzeko herritarrenek baino gehiago balioko dutela: “Auzoko alde horretan bizi direnen botoek %90eko balioa izango dute eta gainontzeko herritarrenek, %10ekoa”.

Modu honetan, azaroaren 4an, ostirala, goizez eta arratsaldez eman ahal izango da botoa, 9.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Larunbatean, berriz, 9.00etatik 13.00etara egongo dira zabalik boto kutxak. Presentzialki eman beharko da bota eta bi egunetan udaletxea izango da botoa emateko leku bakarra.

Bi udal taldeetako kideek bozkatzeko deia egin diete herritarrei eta galdeketaren emaitza erabakigarria izango dela adierazi dute, “berau errespetatu eta gauzatzeko konpromiso publikoa hartuz”. – M. San Sebastian