EAJren eta EH Bilduren arteko eztabaida piztu zen azkeneko osoko bilkuran, Urretxun egin nahi den eguzki parkearen lursailaz hitz egin zutenean.

Urretxuko Udalak Urretxuko Ekiola kooperatibako bazkide izatea onartu zituen. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Iturbe-Behekoa baserritik gertu eguzki parke bat egingo da eta lehen fasean 600 herritarrek bazkide izateko aukera edukiko dute.

Parkea Aldundiaren zortzi hektareatako lursail batean egingo da. Lursail hori Bergarara doan autobidea egiteko kendu zen lurrarekin bete zen. Lur hori desjabetu egin zen eta egun Aldundiaren esku dago. Lehen sektorerako eta Urretxuko Ekiola egitasmorako erabiliko da. Ekiolak lursailaren 1,5 hektarea hartuko ditu.

EH Bilduko Nekane Oruesagastik lehen sektorerako lursaileko zein zati erabiliko den eta eguzki parkerako zein zati erabiliko den argitzea eskatu zuen. “Inguruan bizi direnekin hitz egitea aberasgarria izango litzateke. Bestalde, ez dakigu lursaileko aldapa eguzki parkerako erabilgarria den”.

Jon Luqui alkateak lursaila harriekin bete zela eta Urretxun dagoen lursailik artifizialena dela esan zuen. “Desjabetzea egon zen eta ingurukoei ordaindu egin zitzaien. Ondorioz, lursaila gipuzkoar guztiona da. Proiektuak esango du eguzki parkea non kokatu. Logikaz, ez dela etxeen ondoan jarriko pentsatzen dut. Baina oraindik ez dago proiekturik”.

Lehen sektorerako gorde daitekeen lursail zatiaz ere esan zuen. “Nork erabiliko du? Goierri mailan erabiliko da edo desjabetuek erabiliko dute? Inor ez da proiektu batekin etorri. Eguzki parkearen proiektua eskuartean dugunean, ingurukoekin hitz egingo dugu. Urretxuko Udalak ingurukoekin konpromisoa zuela esan izan da, baina hori ez da inon azaldu ida-tzita. Normala da inork bere etxe aurrean halako zerbait jartzea nahi ez izatea, baina parkea ez da edozein modutara egingo. 80.000 metro koadrotik 15.000 hartuko ditu. Toki asko geratuko da beste gauza askotarako. Proiektuak aurkeztea eskertuko nuke”. – A.Z.