Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak urriaren 30ean, igandean, Oiartzungo Oieleku ingurura irteera gidatua antolatu du. Txangoan, bertako mairu-baratze edo cromlechak ikus ahalko dira eta hauekin lotura duten kondairak eta pertsonai mitologikoez hitz egiteko aukera egongo da.

Ibilbidea laburra eta nornahik egiteko modukoa da. Hala ere, oinetako erosoak eramatea komeni da. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren azalpenen laguntzarekin, kondairaz betetako paisaian murgiltzea baizik. Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Ekintza 10.00etan hasiko da Kausoko aparkalekutik eta 12.30ean amaituko da toki berean. Prezioa sei eurokoa da eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Izen-ematea edo informazio gehiago 943 495 069 edo 688 895 068 telefonoetan edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidean lor daiteke.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “Aiako Harriko paisaiak zirraragarriak dira. Edertasunaz gainera, badute, ordea, beste ezaugarri bat: ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezinaren berri ematen dute”. – A. Muga