Azken hilabeteetan Oiartzunera bizitzera etorri direnei harrera egiteko saioa antolatu dute ostiralean Udaleko Hizkuntz normalizaziorako eta Ongizate sailek eta Abaraxka udal ludotekak. Jaia 18.00etan Abaraxka ludotekan hasiko da.

Aurten egingo den bigarren saioa izango da (lehenengoa maiatzean egin zen), eta ordutik herrian erroldatu diren 63 bizilagun berriei parte hartzeko gonbita egin zaie.

Betitik edo aspalditik Oiartzunen bizi direnak ere gonbidatu nahi ditu Udalak saiora. Izan ere, etorriberrien parte-hartzea bezain garrantzitsua da bertako herritarrena eta eragileena, harrera naturalagoa izateko.

Otordu baten bueltan elkartuko dira parte-hartzaileak. Bertako eta urrutiko jakiak eta doinuak izango dira protagonista. Horretarako, partaideei norberak prestatutako zerbait ekartzeko deia egin diete antolatzaileek, Euskal Herriko eta atzerriko platerak dastatzeko.