Herritar guztien partaidetzari irekitako dozena bat ikastaro ezberdin antolatu ditu Arroabeko Ezkaizto elkarteak ikasturte berri honetarako. Hasteko trikitia eta panderoa, salsa eta bachata, xakea, eskulanak, bertso eskola, yoga eta mantenimendu gimnasia tailerrak jarriko dituzte abian eta horietan parte hartu nahi dutenek datorren larunbata baino lehen eman behar dute izena Txara dendan.

Astelehenetan trikitia eta panderoa eta salsa eta bachata ikastaroen saioak izango dira; astearteetan xake eta eskulan tailerrenak; asteazkenetan bertso eskolarenak eta ostegunetan yogarenak. Mantenimendu gimnasiaren saioak, berriz, astearte eta ostegunetan izango dira.

Bestalde, urtarriletik aurrera reiki usui, argazkilaritza, sendabelarrak, euskal dantzak, barreterapia eta lehen sorospenak tailerrak izango dira.

‘Kimikarin’

Sakulupe guraso elkarteak Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Kimikarin zientzia tailerra antolatu du azaroaren 11rako Udalarekin elkarlanean. Saioa 17.00etan hasiko da Arroabeko frontoian eta parte hartzeko izena azaroaren 4a baino lehen eman behar da, 688 684 029 zenbakira wasap-a bidalita. – Jabi Leon