Debagoieneko askotariko hogei musika taldek parte hartuko dute gaur hasiko diren Danbaka lehiaketaren bosgarren edizioan. Lemak (Bergara eta Antzuola), Kilimak (Antzuola), The Clayton (Aramaio) eta Jasan (Aretxabaleta eta Eskoriatza) dira gaur Bergarako Seminarixoko oholtza gainean arituko diren lau taldeak. Kontzertuak 21.30ean hasiko dira.

Hamabi urteren ostean bueltan dator Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen duen lehiaketa, oraingoan, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Guztira bost saioa izango dira eta finala urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

Gaurko kontzertuetarako sarrerak lau eurotan salduko dira lehiatilan bertan. Goienakideak doan sartu ahalko dira, eta Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek bi euro ordainduko dituzte.

Bestalde, San Martin plazan chill out gunea egokituko da. Taldeen arteko etenetan musika emanaldiekin gozatzeko aukera egongo da. Gaur, esaterako, Unai Cantabrana musikari elgetarrak kontzertu akustikoa eskainiko du. Honekin batera, Sanprubusak taberna zerbitzua emango du. Seminarixoan jarlekuak ere kenduko dituzte taberna txiki bat jartzeko.

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetara. Horietatik hemeretzi epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hogeigarrena –Arrasateko 112 taldea-, publikoak, boto bidez.