Legazpiko euskararen erabilera %33,9koa da, pasa den urteko kale neurketa baten arabera. Aipatzekoa da euskararen erabilera asko igo dela herriaren goialdean: 2016an %9,9koa zen eta 2021ean %22,9 koa.

Euskararen erabilera hiru eremutan edo ibilbidetan neurtu zen: behealdea 1 (Latxartegi parkea, kultur etxearen ingurua eta Kale Nagusia), behealdea 2 (elizaren atzealdea, azoka gunea eta Aizkorri kalea kiroldegiraino) eta goialdea (Laubide auzoko oinezkoen kalea eta haur parkea).

Behealdea 1 eremuan erabilera %43,8koa da, behealdea 2 eremuan %33,8koa eta goialdean %22,9koa.

Ikusten denez, alde handia dago eremuen artean. Datu horien azkeneko bost urteetako bilakaerari erreparatuz gero, badira datu onak eta ez hain onak.

Behealdea 1 eremuan 2016an erabilera %34koa zen. Azken neurketan, berriz, %43,8koa. Behealdea 2 eremuan, 2016an erabilera %43,2koa zen. Azken neurketan, berriz, %33,8koa. Goialdeari dagokionez, 2016an %9,9koa zen eta azken neurketan %22,9koa.

Erabilera ia 10 puntu igo da Latxartegi parkearen, kultur etxearen eta Kale Nagusiaren inguruan. Baina igoera oraindik handiagoa izan da goialdean, bost urtetan 13 puntu igo baita. Aldiz, erabilera jaitsi egin da azoka inguruan, elizaren atzealdeko haur parkean eta Aizkorri kaletik kiroldegiraino doan bide tartean. Azkeneko eremu horretan, herriko erabilera orokorraren parekoa da. Bost urtetan irauli egin dira behealdeko bi eremuetako datuak: batean igo dena, bestean jaitsi egin da.