Pandemiak eragindako murrizketek atzerakada nabarmena suposatu zuten hizkuntzaren erabilerarentzako Irunen. Azken bi urteetako udak zailak izan dira Irungo Euskara arloak antolatzen dituen jarduerak aurrera eramaten dituzten arduradunentzat.
Zorionez, aurten ez da horrela izan. “Benetako plazera izan da Solas Jolas udalekuak eta Udagiroko tailerrak normaltasun osoz eskain-tzea”, adierazi zuen atzo Miren Echeveste Euskara zinegotziak. Izan ere, uda honetako jardueretan tokiak bete dira eta arlotik antolatutako jardueren “harrera bikaina” izan dutela nabaritu dute Udaletik.
Solas Jolas ekimena antolatzeko kontratatu den enpresa, Hezten, eta Euskara arloa lankidetzan aritu dira uda osoan. Hezten enpresako arduraduna den Itsaso Baquedanok aurtengo ekimenaren “oso balorazio positiboa” egin zuen atzo. “Izenemate altua izan dugu eta hezitzaileak eta haurrak pozik aritu dira udalekuan zehar, uztailan eta abuztuan”, azaldu zuen Baquedanok.
Josebe Araña Euskara arloko teknikariak bat egin zuen iritzi horrekin, aurtengo izenemate sistema berria “ondo funtzionatu duela” nabarmenduz. “Elkarlana oso ondo joan da eta eskaintza hobeto antolatzeko aukera izan dugu”, zioen Arañak.
Datorren urteari begira, Solas Jolaseko eskaintza zabaldu nahi du Euskara arloak, behar bereziak dituzten haurrentzak plazak erreserbatuz. Gainera, guraso askok eskatu dutenez, jangela edo haurtzaindegi zerbitzu batek, haurrek janaria etxetik eramanda, nolako harrera izango lukeen jakiteko inkesta bat burutuko da. Nolanahi ere, kontsulta horren emaitzak baloratu eta kontuan hartuko dira gerora begira.
Udagiro eta euskarako errefortzu-eskolak izan ziren udako beste bi proiektu nagusiak. Alde batetik, udagiro beste herrialde edo erkidego ba-tzuetatik heldu diren eta hirira berriki iritsi diren gazteei zuzenduta dago. Bestetik, errefortzu-eskola 2020. urtean jarri zen abian, urte horretan ikastetxeetako eskola presentzialak eten egin baitziren, eta aurten hamar talde osatu dira udan euskararen ezagutza hobetzeko.