Martxan dago Abraham Olano kiroldegiko sukalde berria. Duela hilabete batzuk irabazi zuen kiroldegian sukaldea jartzeko esleipena Iñigo Estanga herritarraren Irakin proiektuak, eta aste honetan zabaldu ditu ateak. Gune berri honetan janaria prestatu, ontziratu eta saldu egingo dute, eta litekeena da banaketa ere egitea.
Ekimen honen bidez, tokiko elikadura ardatz duen gunea sortu nahi izan du Anoetako Udalak. Proiektu berritzailea da, egokituta baitago egungo kontsumo ohituretara eta beharretara. Herriko ekonomian eragitea, lanpostu zuzenak sortzea eta tokiko elikadura katea indartzea dira, besteak beste, proiektuaren helburuak. Bost urterako (bi urte luzagarrirekin) esleitu zaio zerbitzua Irakin proiektuari. Gunearen egokitzapenerako 71.0102,51 euroko inbertsioa egin du udalak; eta proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 39.225,82 euroko dirulaguntza jaso du.