Zumarragan biztanleriaren portzentai handi bat hartzen dute nagusiek eta ez daude bazter batean gelditzeko prest. Beraien iritzia entzutea, beraien iradokizunak kontuan hartzea eta beraien beharrak asetzea nahi dute. Horretarako, antolatzen ari dira. Zumarragan Pertsona Nagusien Kontseilua osatu dute eta Pertsona Nagusien Astea antolatu dute datorren asterako, Udalaren laguntzarekin eta Bizipoz enpresaren dinamizazioarekin. Ekitaldiak datorren astelehenean hasiko dira. Datorren astean nagusiak izango dira protagonista nagusiak Zumarragan.

Astelehenean Zumarragaren bilakaerari buruzko argazki erakusketa irekiko dute Zelai Arizti kultur etxean. Inaugurazioa 12.00etan izango da. Erakusketa urriaren 1a arte egongo da zabalik. Egun berean, Marta Garcia-Jalon Zumarragako notarioak herentziei eta oinordetzei buruzko hitzaldia egingo du. 17.00etan izango da, kultur etxean.

Asteartean bi ekitaldi egongo dira: 11.30ean Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak izeneko tailerra emango dute KZgunean eta 17.00etan Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak arrakastarekin zahartzeko hitzaldia egingo du Zelai Arizti kultur etxean.

Zumarragaren etorkizuna

Irailaren 28an hiru ekitaldi egongo dira: 10.30ean paseoa egingo dute eta futbol zelaiko parkeko makinetan gimnasia saioa egingo dute. Antonino Oraako eskolan elkartuko dira. 16.30ean Zumarragaren etorkizunari buruzko tailerra egingo dute kultur etxean eta 19.30ean 100 dias con la tata pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan.

Irailaren 29an bi hitzaldi egingo dira: 10.30ean Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideei buruzkoa eta 17.30ean galeren ingurukoa. Bi hitzaldiak Zelai Arizti kultur etxean izango dira.

Irailaren 30ean gimnasia egingo dute Zelai Arizti pilotalekuan. Saioa 9.30ean hasiko da. Bukatzeko, urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Ekitaldi ofiziala 12.00etan izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Manifestua irakurriko dute eta txistulariek, abesbatzak eta dantzariek ekitaldia girotuko dute.

Pertsona Nagusien Astea atzo aurkeztu zuten Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian, Mikel Serrano alkateak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko Miren Amilibiak, Arantxa Corralesek eta Lourdes Rodriguezek parte hartu zuten. Alkateak adinekoen esperientzia oso baliotsua dela eta beraien ekarpenak aintzat hartuko dituztela aipatu zuen. “Hirigintza Plana berritzen ari gara eta prozesu horretan zeresan handia izango duzue”.

Zumarragako Pertsona Nagusien Kontseiluan parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute.