Hondarribia: Veronica Urkiola plaza larunbatean izendatuko dute Mendelun
Udalak emakumeen izenek hiriko kaleetan presentzia irabazteko aurrera eraman dituen ekimenetako bat da
Larunbatean, eguerdiko 12.00etan, Mendelu auzoan beste emakume baten izena jarriko zaio plazatxo bati. Veronica Urkiola Lekuona izango da enparantzaren izen berria, Udalak eta Emeki Elkarteak azken urte hauetan egin duten lanketari zazpigarren emaitza aterako zaiolarik.
Hala, Hondarribiko kaleetan emakumeen izenei presentzia gehiago emateko proiektuak “beste urrats bat” emango du larunbat honetan, Gotzone Larrartek, Berdintasun zinegotziak, azaldu duenez. Los Planetas izeneko eremuan orain arte izenik ez zuen plazatxo batek jasoko du Veronica Urkiolaren izena.
“Udaletik oso balorazio positiboa egiten dugu, bai Emeki Elkartearekin egin dugun lanketak eman dituen emaitza bikainengatik, baita elkarte desberdinekin sortu den lankidetza giroagatik ere”, adierazi du Larrartek aste honetan. Emekiren partez, Tzane Carrillok elkartearen “poza” aditzera eman du: “Lan gogorra egin dugu denok, eta emaitza egokiak eman ditu”.
Veronica Urkiolaren familiaren aldetik, Kote Guevarak hartu zuen hitza. “ Biziko balitz, ziur ez lukeela ulertuko zergatik berari plaza izen bat eskaintzea”, azaldu zuen Guevarak, Urkiola “emakume umila eta langilea” zela nabarmenduz.
Larunbateko hitzordua 12.00etan bada ere, aurretik 11.00etan auzotik bisita gidatu bat egingo da. Betherrameko elizatik aterako da eta Mendeluko zenbait puntu esanguratsu bisitatuko ditu. Izendatze ekitaldia amaituta, gero auzo elkartean argazki erakusketa xume bat ikusi ahal izango da.