Danbaka Debagoieneko Musika lehiaketa bueltan da, “eskualdeko musikariei aukera eskaintzeko, musika adierazpenak haizatuz”. Azken ediziotik hamabi urte igaro dira. 20 taldek parte hartu ahalko dute, eta horietatik 19 epaimahaiak aukeratuko ditu; hogeigarrena, aldiz, publikoaren botoekin erabakiko da.

Seminarixoko oholtzak hartuko du Goiena Komunikazio taldeak antolatutako lehiaketa, oraingoan Bergarako Udalaren laguntzarekin. Bosgarren edizioan bost kontzerturekin gozatzeko aukera egongo da, urriaren 14tik abenduaren 16ra. 2023ko urtarrilaren 13an jokatuko dute finala. Sari nagusia diskoa grabatzea izango da, eta publikoaren saria, ordea, abesti baten bideoklipa. “Gazteak ekarriko ditugu Seminarixora, eta dagoeneko kulturaren hedapenean daukan erreferen-tzia beste esparru batzuetara ere zabalduko da”, adierazi zuen aurkezpenean Ekaitz Aranberri zinegotziak.

Izen-ematea irailaren 18ra arte egongo da zabalik www.danbaka.eus webgunean. Irailaren 27an jakinaraziko dira epaimahaiak aukeratutako 19 lehiakideen izenak. Herritarrek irailaren 27tik urriaren 2ra bitartean emango dute bozka hogeigarrena hautatzeko.