Azpeitiko hainbat lekutan mota ezberdineko aldaketak egongo dira Santio eta Saninazio jaien aurrean.

Udalak iragarri duenez, festak irauten duten bitartean aldaketak izango dira trafikoan. Horregatik, datozen egunetan, “garraio pribatua beharrezkoa den kasuetan soilik ibiltzeko” eskatzen die azpeitiarrei. Era berean, aurrez barkamena eskatu nahi die herritarrei “sor daitezkeen eragozpenen aurrean”.

Edonola ere, Santio eguneko ganadu feria eta txosnak direla eta, Zelai luze itxita izango da trafikoarentzat bihartik abuztuaren 3ra bitartean (dagoeneko ezin da aparkatu bertan, prestaketa lanak egin ahal izateko). Foru pasealekuan, “astotegian ere ezingo da aparkatu abuztuaren 3ra bitartean”; eta hilaren 26tik aurrera “Done Jakue kalea ere festetako ekintzak egin ahal izateko egokitzen arituko dira”.

Hori dela eta, Udalak ezohiko aparkalekuak egokitu ditu eta abuztuaren 2ra arte Jesuitinetako eta Urola institutuko patioetan aparkatu ahalko da. Era berean, Perdillegiko Karmelo Etxegaraiko jolaslekua ere aparkaleku gisa egokituko da 28tik abuztuaren 2ra bitartean.

Bestalde, Udalak jakinarazi du saninazioetan, inguruko herrietarako garraio publiko zerbitzua areagotu egingo dela. Hala, Errezil, Azkoitia, Zumaia, Getaria, Zarautz edo Eibarrera joan-etorria egiteko gaueko zerbitzua izango da.

Hondakinak

Urola Erdiko Mankomunitateak hondakin komertzialen bilketa aldatuko du Azpeitiko festengatik. Hala, “bihar eta abuztuan zehar bilketa komertziala goizez egingo da, 10.00etan”. Hori bai, “bilketa ohiko egutegian egingo da, egunero dagokion hondakin mota bilduko da, baina goizez”.

Era berean, jaietan gaikako bilketa bereziak egingo dira. Horretarako “edukiontzi gune berezituak jarriko dira Azpeitian zehar”.