Uxue Kerejeta musikari zumarragarrak kontzertua egingo du larunbatean, 19.00etan, Eitzako Korta tabernako plazan. Ekitaldi hau Eitzako Jai batzordeak antolatu du.

Kerejeta Gaztea irratiak antolatzen duen cover lehiaketaren eskutik egin da ezagun. Finalera sailkatu zen eta entzuleen saria irabazi zuen.

Zumarragako musikariari ilusio handia egiten dio Eitzan jotzeak, bera bertakoa baita. “Jai batzordeak bertan jotzea eskaini zidanean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Nire auzoa da eta ilusio handia egiten dit bertan jotzeak”.

Kontzertu “lasaia” izango dela dio. “Kontzertu lasaia izango da. Ikusleek nahi bezala jarraitu ahal izango dute: zutik edo eserita. Gainera, nahi dutenek abesteko aukera edukiko dute”, aipatu du Zumarragako musikariak.

Izaro, Zea Mays, Xabi Bandini, Izal eta Ken Zazpiren abesti ezagunak joko ditu, besteak beste. Baita berak konposatutako abestiak ere.

Gaztea irratiaren lehiaketan izandako arrakasta dela eta, Kerejetak hainbat kontzertu eskaini ditu azkenaldian. Zumarragako jaietan jo zuen eta atzo Argixao adinekoen egoitzan. – A.Z.