Zuztarrak Errotuz taldeko kideek Alfontso VIII kalearen izena Arrasateko kale-izendegitik kentzeko eskaera luzatu diote Udalari. Oroimen historikoaren izenean bultzatu dute ekimen hau eta, horretarako, bihar egingo den Osoko Bilkuran mozio bat aurkeztuko dute.

Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar dadila ere eskatuko diote Udalba-tzari, beirategi batean Alfontso VIII.arekin loturik dauden egintza historikoak eta historia kronologiak aztertzeko. “Izan ere, 1200. urtean Gipuzkoako foruak ez zeuden; Gipuzkoa, berez, ez zen existitzen, eta ez dago kontrastaturik Alfontso VIII urte hartan Arrasaten izan zela foru horiek zin egiteko”, nabarmendu zuen Zuztarrak Errotuz Elkarteko Juanito Barberanek.

Proposamena herriko kultur eragile askorekin partekatu dutela adierazi zuten aurkezpenean, baita Udaleko kultura batzordeko partaideekin, taldean landutako idatziak helaraziz.

plaka bat portaloian

Biharko Osoko Bilkuran aztertuko den mozioak jasotzen duen beste eskaeretako bat Portaloiko horman plaka bat ipintzea da. “Bertan, Arrasate konkistatua izan aurretik Nafarroako Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian zegoela jasoko da. Gainkaldean Nafarroako bandera izango luke, testu batekin”, zehaztu zuen Barberanek.

Aldi berean, gogoratu zutenez 2022ko uztailaren 19an, 500 urte beteko dira Gaztelako armadak Amaiur gaztelua konkistatu zuenetik, “non modu heroiko eta duinean, Nafarroako Erresumaren independentzia defendatzen, hainbat nafar izan zirela”. Beraz, horien omenez, bihar Nafarroako bandera udaletxeko balkoian jartzea ere eskatu du elkarteak.

Udala herriko kale-izendegia “berdintasun ikuspegitik” lantzen ari da. Hau kontuan hartuta, Zuztarrak Errotuz Elkarteak ez du alternatibarik aurkeztu Alfonso VIII kalearen izena ordezkatzeko. Dena den, egiten ari den hausnarketa oroimen historikoaren ikuspegitik ere aztertu beharko litzatekeela defendatu zuten. “Gure proposamena urrats xume bat da lanketa horiek martxan jartzeko”, azpimarratu zuen Barberanek. – A.Dominguez