Udako Musika Printzak ekimena estreinatu zen iaz udalaren eta Kulturaz Kooperatibaren eskutik eta Basazabal jauregian eskainitako kontzertu bakarrak izan zuen harrera ona ikusita musika zikloaren bigarren edizioa antolatu dute. Hori bai, aurten hiru izango dira ekimen horren baitan eskainiko diren kontzertuak eta eszenatokia ez da Basazabal jauregian jarriko; Azpeitiko beste bi leku esanguratsuetan baizik: Done Jakue kaleko garbitokian eta Bakardadearen kaperan, hain zuzen ere.

Agustin Lizarraldek, Turismo zinegotziak, atzo egindako aurkezpenean adierazi zuenez, “180 urte betetzen ditu aurten garbitokiak, eta bi musika kontzerturekin ospatuko dugu urteurrena”. Emanaldi hauen bidez, “kultur espazio berriak bilatu eta ondare historikoari balioa eman” nahi izan diote.

Iaz bezala, aurten ere Ignacio Arakistain azpeitiar pianojolea oholtzan izango da. Antolaketan ere badabil eta kontzertuetan “oreka” bilatu dutela azpimarratu du: “Hiru kontzertu izanik, estilo ezberdinen arteko zein ahots zein musika instrumentalaren arteko oreka bilatu dugu”.

Edonola ere, hiru kontzerturekin disfrutatzeko parada izango da hilabete honetan Azpeitian Udako Musika Printzak ekimenari esker.

Aurreneko emanaldia ostiral honetan bertan izango da (21.00etan), garbitokian. Kontzertu horretan ganbera musika izango da protagonista eta bertan Ignacio Arakistain organu-jotzailea, Garazi Navas akordeoilaria eta Maria Martin abeslaria arituko dira.

Hilaren 15ean Ion Dorregarai, Pablo Lopez Barrios, Jon del Campo eta Maialen Tellabidek osatzen duten The Chickpeas Jazz taldea izango da ikusgai, ordu eta leku berean. Azkenik, Irungo Iga abesbatza gaztearen saioa izango da hilaren 16an (19.30ean) Bakardadearen kaperan. Kontzertuetarako gonbidapenak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke. l