Urrategi auzoak bere jaiak berreskuratu ditu Azkoitian, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, eta Festa Batzordeak egitarau zabala prestatu du asteburu honetarako.

Hori bai, ekintza gehienak datorren igandean burutuko badira ere, jaiak abiatzeko mus txapelketa azkarra egongo da bihar (22.00etan) Urrategin. Irabazleek txapelak, 300 euro eta oparia eramango dute etxera; bigarren sailkatuek Isidro erretegian bi lagunentzako afaria eta oparia irabaziko dute eta hirugarren postua lortzen dutenek bi oilasko eta oparia jasoko dute sari gisa.

Egun handia

Igandean Urrategi auzora gerturatzen direnek era askotako ekintzekin disfrutatzeko aukera izango dute.

Festa egun handia hasteko mezak izango dira (9.00etan eta 11.00etan) auzoan. Bigarrena Urrategiko Amaren eguneko Meza Nagusia izango da eta amaitzerakoan (12.00etan) Urdangarin eta Zubeldia bertsolarien saioa egongo da.

Jarraian (12.30ak aldera) herri kiroletako proba konbinatu batekin gozatu ahalko da. Bertan Goenatxo III eta Mikel Larrañaga bikoteak Karmele Gisasola eta Julen Alberdi Txikia IV osatutako bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak.

Ondoren Zabale eta Aintzane Agirrebeña trikitilarien saioa izango da (13.30ean) eta arratsaldean Lopene eta bere abereak (16.30ean), umeen-tzako jolasak, puzgarriak eta tailerrak; eta auzoan arrakastatsua izaten den astoen arteko dema. Ekitaldi hori 18.00etan hasiko da eta aurtengoan Errezilgo Argindei, Aizarnazabalgo Xarpa eta Azkoitiko Txibilter izango dira partehartzaile.

Festak borobiltzeko Aintzane Agirrebeña eta Zabale trikitilariekin erromeria izango da.