Dendek ematen diotelako bizia herri bati, horrexegatik Oñatiko merkatariek bat egin dute tokian tokiko produktu eta zerbitzuen kontsumoari bultzada emateko. Oñatin erosiz, herria bizi lelopean, Txanda, Oñatiko Merkatari eta Zerbitzu elkarteak sentsibilizazio kanpaina jarri du abian udalerriko merkataritza sustatzeko. “Txandakideontzat oso garrantzitsua da tokikoak gure egunerokotasunean duen garrantziaz herritarrak jabetzea; hori dela eta, Oñatin erosiz, herria bizi! leloa daramaten biniloak ikusi ahal izan ditugu herriko dendetako eraskuleihoetan egunotan”, adierazi dute elkarteko kideek.

Kanpaina berri honen baitan, Oñatiko dendetan kontsumitzen duten herritarren artean 50 erosketa-orga zozkatuko dituzte, “eguneroko erosketak errazteko, 0 km-ko gaiak kon-tsumitzen laguntzeko, herriari bizitza emateko eta, aldi berean, gure mezua herritar guztiei helarazteko”, gaineratu dute. Sari banaketa datorren uztailaren 2an izango da, eguerdiko 13.00ean, Errementari Plazan. Sarituek dei bat jasoko dute ekainaren 30etik aurrera.

Gainera, kanpainarekin bat egin duten saltokietan erosketa egiten duten guztiek opari txiki bat izango dute erosketa egitean.

Elkartetik zehaztu dutenez, “ekimen honek #NiTokikozale kanpainari ematen dio jarraipena. Kanpaina benetan arrakastatsua eta deigarria izan zen. Horren bitartez Tokikozalearen figura aldarrikatu genuen. Tokikozalea hitzak Oñatiko dendetan erosten zalea den pertsona deskribatzen du, bizi garen herri honetan erosketak egiteko joera duen oro, 0 km-ko gaiak kontsumitzen dituena eta herriari bizi-tza ematen diona”.

Oñatin erosiz, herria bizi! ekimena Txanda elkarteak antolatu du Oñatiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

Comercio Oñati NG

50 bazkide

Txanda, Oñatiko Merkatari eta Zerbitzu elkartea, 1997. urtean sortu zen eta gaur egun, herritarrei zerbitzu eta produktu sorta zabala eskaintzeko 50 bazkidek dihardute lanean. Herriko merkataritza promozionatzea du helburu, hau bultzatzeko eta bezeroak fidelizatzeko kanpainak eta ekintzak burutuz. Era berean, sektorea profesionalizatze aldera, prestakuntzak eta araudi, diru-laguntza edota merkatarientzako interesgarriak diren bestelako gaiei buruzko informazioa eskaintzen du. Txandako bazkide ez izan arren, Txandak antolatutako edozein ekimenetan parte hartu nahi izanez gero, txanda.oinati@hotmail.com

helbidera idatzi. n