Datozen hilabeteetan, Alegiako Udalak herritarrek azken hitza izango duten bi parte-hartze prozesu jarriko ditu abian. Alde batetik, hondakin sistemaren berrikusketa egingo da eta, bestetik, Larraitz auzoko ekialdeko hiritar-tze proiektua.

"Hartu beharreko erabakiak herritarrekin batera eta ahalik eta adostasunik handienarekin har-tzea da Udalaren asmoa eta helburua. Herritarrei lanketa hauetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu", azaldu zuten atzo Arantxa Irazusta alkateak eta Unai Iraola zinegotziak egindako agerraldian.

Bi prozesuak modu paraleloan garatu nahi dira. Lehenik, herritarrekin batzarrak eginez, ondoren informazioa herritarren eskura jarri uda osoan zehar, izan ditzaketen iradokizunak edo zalantzak argitzeko. Horretarako, Alegia app, Udal webgunea eta udaletxeko postontzia eskura izango dituzte herritarrek eta irailean berriro gaiari helduko zaio, behin betiko erabakia hartzeko.

Hondakin bilketaren sistemaren berrikuspenerako hiru arrazoi hartu dira kontuan. Alde batetik, Tolosaldeko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua egiten duen enpresaren kontratua amaitzen da plegu eta baldintza berriak landu behar dira. Bestetik, bilketa sistema datuek orokorrean geldialdia izan dute, pandemiak areagotuta. Azkenik, herritarren artean gaiaren inguruan egon daitezkeen kezka edo ezinegonei erantzun bat emateko aukera bezala ikusten du Alegiako Udalak.

Larraitz auzoko ekialdearen kasuan, Larraitz mendebaldearen hiritartze lanetan egin zen lanketa errepikatzea litzateke asmoa, bertako esperientzia oso modu positiboan baloratu zelako. Auzoko bizilagunekin eta eraberritze lanek eragiten dieten ikastetxeekin, guraso elkarteekin eta herritarrekin landuta hartuko da behin betiko erabakia.