Arma Plaza Fundazioa orain dela hamar urte sortu zen, Hondarribiko ondare historikoa eta patrimoniala zabaltzeko eta berreskuratzeko. Urteurrena dela eta, entitateak zenbait ekimen jarriko ditu martxan datozen hilabeteotan, atzo Txomin Sagarzazu alkateak eta fundazioko presidenteak iragarri zuen moduan.

Ospakizunen baitan, Arma Plazak logotipo berri bat estreinatu du azken egunotan. Irudia hamargarren urteurrenaren oroitzapen bat gehitu dio ohiko logotipoari.

Bestalde, uztailaren 7an eta 8an EHUren Udako Ikastaroetako bat egingo da Hondarribian, Arma Plaza Fundazioarekin elkarlanean antolatua dagoena. Sagarzazuk azaldu zuenez, kultur ondarearen babesean zentratuko da eta izen-ematea doakoa izango da 10. urteurrena dela eta.

Gainera, uztailean eta abuztuan ostiralero garatuko den gaueko esperientzia bakarra eta originala diseinatu da. Hala, Argi Gauak bisita-gidatuak antolatuko dira. "Hondarribiko arkitektura eta historia batera erakusteko argi-itzalen jokoa erabiliko dugu. Gaua hortxe dugu, beraz, gauaren konplizitatea bilatuz, pertsonaia ezagunak, monumentuak eta bestelako kontakizunak entzuteko aukera eskaini nahi dugu" adierazi du Sagarzazuk.

Gaueko bisita hauek uztailaren 8an hasiko dira eta ostiralero egingo dira. Gehienez hamabi pertsonako taldeetan egingo dira eta hondarribiarrentzat doakoak izango dira.

Amaitzeko, ospakizunaren testuinguruan Mariñel itsasontziaren gaueko argiteria estreinatu zen atzo, bere zaharberritze prozesuan urrats garrantzitsu bat emanez.