- Pello Estanga Anoetako alkatea pozik azaldu da herritarren erantzunarekin herri-bideen inbentarioa osatzeko: "Gutuna jaso duten herritarren erdia etorri da behin-behineko proposamena ikustera; eta interesa duten seinale da hori". Inbentarioa abiapuntua izango da, behin hori eginda, udalak tresna bat gehiago baitu herri-bideak ordena-tzeko eta erabilera zein mantenua erabakitzeko.

Joan den urtean hasi ziren herri-bideen inbentarioa osatzen, eta aste honetan onartu dute behin-betiko inbentarioa. Behin-behineko proposamena irekita izan dute herritarrek, eta ekarpenak jaso ondoren onartu dute.

Etorkizunera begira zabalik dago aukerabide berriak sortzeko, eta baita zaharrak berreskuratzeko ere; horren adibide da, urteetan galduta egon ondoren, joan den astean sasiak kenduta berreskuratu zuten Anoeta-Hernialde-Alkiza herri-bidea.

Lursailak geolokalizatzeko prozesua martxan jartzeko asmoa du Udalak. Herri-bideen inbentarioa egitearekin batera, lurraldearen kudeaketarako tresna eraginkorra izango da herriko lursail guztien mugak geolokalizatzea. Hainbat onura ditu egitasmoak, kasurako, jabe bakoitzak lurraldearen mugak zehaztasunez ezagutzea, belaunaldi artean jakin-tzaren transmisioa bermatzea eta katastroa eguneratzea.

Lanketa egiteko esleipen prozesua martxan jarriko du Udalak eta 48.400 euroko inbertsioa egingo da. Era berean, 10.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik.