- Usurbilen energia berriztagarrien komunitate (EBK) bat sor-tzeko Udalak Goiener kooperatiba kontratatu du, prozesua gidatu eta dinamizatzeko. Aldi berean, energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutera gonbidatu dituzte herritarrak.

Horretarako, proiektua aurkezteko saioa maiatzaren 3an egingo dute, 18.00etan, Sutegin. Bertaratzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea usurbilkultura.eus helbidean.

Aste honetan egindako aurkezpenean, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, energia oinarrizko baliabide bat da, eta egungo kontsumo energetikoa, nagusiki, erregai fosiletan oinarri-tzen da. Horregatik, bere uste osoan, beharrezkoa da, energiaren deskarbonizazioarekin batera, energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko "urrats irmoak egin eta politikak sustatzea".

Horregatik guztiagatik, trantsizio energetikoaren erronka "premiazkoa eta urgentziazkoa" da. Solaberrietaren esanetan, "gauza asko eta oso azkar aldatu behar ditugu, baina gure premisa argia da arlo honetan ere: trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du, inor baztertu edo atzean utziko ez duena eta herrikideen arteko berdintasuna berma-tzea izango duena bokazio gisa".

Energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutea nahi luke Udalak. "Energia komunitatearen bidez kontsumo eredua aldatzea eta herritarrak arlo honetan ahaldun-tzea sustatu nahi dugu; herritik eta herriarentzat sortuko den energia komunitatea izatea nahiko genuke", baieztatu du alkateak.

Bestalde, Goiener kooperatibaren ikuspuntua Alazne Arruti Bengoetxeak azaldu du. Goiener 2012an sortu zen, herri ekimenez. Hasieran helburua kontsumorako beharrezkoa zuten energia baliabide propioekin sortzea zuten, baina lege aldetik izandako "trabak" tarteko, energia merkaturatzea izan du jardun nagusi. 2018an, Nafarkoop sortuta, lortu zuten energia sorkuntzan hastea. Egun, 16.000 bazkide inguru ditu Goienerrek, eta 20.000 kontratu.

Irabazi asmorik gabeko ekimen herritarra izanik, euren balioekin bat egiten duten proiektuak bultza-tzen ditu Goienerrek. Azkenaldian, batik bat, EBK Energia Berriztagarrien Komunitateak sortzen. Egun, 100dik gora tokiko entitaterekin daude harremanetan eta hamalau prozesutan dabiltza bidelagun lana egiten eta aholkularitza ematen.

Udalak Goiener kooperatiba kontratatu du trantsizio energetikoaren erronka modu kolektiboan abiatu eta dinamizatzeko