- Bere sorreraren 75. urteurrena ospatzeko ekintza ugari burutu zituen Lagun Onak Mendi Bazkunak joan den urtean zehar baina antolatutako egitaraua borobiltzeko azaroaren 27an egitekoa zen 75 Urte Eguna bertan behera utzi egin behar izan zuen pandemiak Azpeitian une horretan zuen eragina handiagatik.

Hala ere, mendizaleen elkarteko zuzendaritza taldeko lagunek jardunaldi berezi hori "posible izan bezain laster" egiteko asmoa agertu zuten eta dagoeneko jarri dute 75 Urte Eguna ospatzeko data: hilaren 30ean egingo da eta mendizaleek mota askotako ekintzekin disfrutatzeko aukera izango dute egun horretan.

Mendi Bazkunaren 75 Urte Eguna abiatzeko Arauntzara mendi txangoa egingo da "taldeak bere lehen irteera ofizialean egin zuen bezala"; eta parte hartzeko "nahikoa da 9.00etan Plazan azaltzea". Horren ondoren, falta diren elkarteko kide guztien omenezko lore eskaintza (Arauntza gailurrean) eta meza (13.00etan Parrokian), historian zehar elkarteko ba-tzordekide izan diren guztiekin taldeko argazkia (14.15ean azoka plazan), bazkaria (14.30ean), bertsolariekin eta trikitilariekin girotutako bazkalondoa (15.30ean) eta umeen-tzako jolas eta puzgarriak (arratsalde osoan zehar plazan) izango dira. Bazkarirako txartelak dagoeneko eros daitezke mendizaleen tabernan eta Elikagunean.