2019. urtean ospatu zen lehen aldiz dantzari goierritarren topaketa, eskualdean erromeri bira bat egiteko aitzakian. Urte hartan, "gogoz eta ilusioz" ekin zioten jardunari parte-hartzaile guztiek.

Bi urtez behineko maiztasunaz antolatzeko erabakia hartu zuten eratzaileek, Korrika erreferente izanda. Hori horrela, 2021ean ospatu behar zen topaketaren bigarren edizioa, baina koronabirusaren pandemiak, eta ondorioz, kultur jarduerak gelditzeak, ezinezko egin zuten plana betetzen jarraitzea.

Hala ere, gaur egun, badirudi covid-19ak indarra galdu duela eta ondorioz, era guztietako jarduerak egiteko grina eta baimena bueltatu dela. Horregatik, topaketaren bigarren edizioa larunbat honetan ospa-tzea erabaki dute antolatzaileek; apirilaren 2an egingo da, Idiazabal osoan zehar.

Goierriko dantzari helduak elkartuko dituen topaketa izango da. Legorretako Irrintzi Alai, Lazkaoko Oin Arin, Idiazabalgo Axari, Urretxuko Lurra, Ataungo Otsoak eta Ordiziako Amets Bide dantza taldeetako 100 dantzaritik gora bilduko dira Idiazabalen, txistulari eta musikariekin batera.

11.00etatik aurrera, herrian zehar desfilea egingo dute eta geldialdi ezberdinetan dantza ezberdinak izango dira ikusgai. 13.00etan, alardean plazan emango diote amaiera goizeko jardunari. Eguraldi txarra bada, ekitaldia frontoian egingo dute. 14.30ean, bazkaria izango dute dantzari eta musikariek. Arratsalde partean, berriz, 16.30ak aldera, jaia herrira zabalduko da eta Ttipika taldearekin erromeria egingo da.

Dantzari goierritarren topaketa hau Korrika kulturalaren barnean kokatzen da eta helburua dantza taldeen arteko harremana indartu eta dantza eta euskal kultura sustatzea izango da.