Ez da asko falta udarako: eguzkia, beroa, hondartza, piszina... eta umeek eskolarik ez duten denbora tartea. Guraso ugarik, ordea, lan egin behar izaten dute eta haurrak egun guztian zehar zaintzeko zailtasunak izaten dituzte.

Errealitate hori kontuan izaten dute Goierriko udal gobernu eta erakundeek, eta irtenbideak bilatzen dituzte, guraso eta haur goierritarrek uda atsegin, eroso eta pozgarria izan dezaten. Besteak beste, Ordiziako Udala lanean da uda sasoian herritarren beharretara egokitzeko. Ildo horretan, Adur Ezenarro alkatearen gobernu taldeak udaleku irekiak prestatu ditu 2022ko ekaina eta uztailerako, eta jada parte hartzeko izen emate epea zabaldu da.

Ordiziako Udalaren udalekuak 2011 eta 2017 urte bitartean jaiotako haurrentzat zuzenduta daude, eta zehazki, ekainaren 27tik uztailaren 22ra ospatuko dira, astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara. Horretaz gain, behar izanez gero, ikastetxeetako zaintza eta jangela zerbitzuekin koordinatuta egongo dira udaleku ordiziarrak.

Prezioari dagokionez, 85 euroko kostua izango du zerbitzuak. Anai-arreba gehiago matrikulatuz gero, bigarrenetik aurrera, kostua 75 eurokoa izango da. Bestalde, DBEa edota bestelako gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzako prezioa 18 euroan adostu da.

Udaleku irekietan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada. Inskripzio epea gaur zabaldu da eta apirilaren 8ra arte irekita mantenduko da. Plaza mugatuak daudenez, eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago jasoz gero zozketa egingo da. Ordiziako Udalak unean uneko egoerari egokitutako plaza kopurua eskainiko du.

Eskaera izapidetzeko aukerak bi dira. Alde batetik izen-emate orria Ordiziako Arreta bulegoan edo Gazteria bulegoan entregatzea, eta bestalde, izena emateko orria udalekuak@ordizia.eus helbide elektronikora bidaltzea. Inskripzio orria http://www.ordizia.eus webgunean aurkitu daiteke.