- Zumaiako Udalak IV. Berdintasun Plana osatuko du aurten, 2023arekin batera indarrean jar-tzeko helburuarekin. Plana "errealista, gertukoa eta eraginkorra" izatea nahi dute udal ordezkari eta teknikariek.

Horretarako, Udalak Elhuyar erakundea izango du bidelagun prozesu osoan zehar. Bi fasetan banatu dute prozesua: martxotik ekainera bitartean egungo egoeraren argazkia egiten arituko dira (Udal barrura eta herrira begiratuz); irailetik abendura, berriz, egindako balorazioa eta identifikatutako erronketatik abiatuta, helburuak eta neurriak landuko dituzte, horiek guztiak IV. Berdintasun Planean txertatuz. Lanak amaituta, 2022ko abenduko Plenoan onartu nahiko lukete dokumentua.

Plana diseinatzeko parte hartzeko prozesua jarriko dute martxan. Herritarrentzako saio irekiak antolatuko dituzte, eta Berdintasun Foroko, Emakumeon* Etxeko, mugimendu feministako, eta kolektibo konkretuetako kideekin elkarlana bermatzeko, taldekako elkarrizketak egingo dituzte. Udal langileek eta ordezkari politikoek ere parte hartuko dute planaren osaketan.

Eli Etxabeguren Elhuyar erakundeko teknikariaren esanetan, emaitzetan baino, prozesuan jarri nahi dute indarra. "Hilabete askotako lana da plana osatzeko prozesua, eta egiten diren saioak... sentsibilizaziorako eta sare berriak osa-tzeko aukera bikaina dira", azaldu du.