- Larunbat honetan izango da Zumaiako 37. Herri Krosa eta 15.30etik aurrera trafikoan eragingo du. 15.30etik aurrera Amaia plaza inguruko eta Julio Beobide ibiltokiko errepideetan txandakako trafikoa ezarriko da. Hala ere, eragin handiena 17.00etatik aurrera izango da, lasterketa nagusia hasten denean.

17.00etatik 18.00etara bitartean Axular ibiltokia itxita egongo da. Lasterketak irauten duen bitartean ibilgailuak beharrezko eginkizunetarako soilik erabiltzea eskatzen die Udalak herritarrei.

17.00etan izango da proba nagusia eta bi ibilbide izango ditu, bata 5,1 kilometrokoa eta bestea 10,2 kilometrokoa. Nordic walking modalitateko lasterketa ere izango da. Horiek baino lehen, 15.45ean haurren eta gaztetxoen lasterketak egingo dira.

Zirkuitua Eusebio Gurrutxaga plazan hasiko da, ondoren Ayra-Durerexeko zubia igaro beharko dute kirolariek, Txomin Agurre kaiatik Deba kalera iritsiko dira, Juan Belmonte kalea, Baltasar Etxabe kalea eta Itzurun Zuhaitzbidera iritsi ondoren, San Telmo aldera hartuko dute. Erribera kalea zeharkatu ondoren iritsiko dira helmugara. Ibilbide luzea egin behar duten korrikalariek bi bider errepikatuko dute zirkuitua.

Haurren kasuan ere Eusebio Gurrutxaga plazan izango da abiapuntua, ondoren korrikalariek Erribera kalea gurutzatuko dute eta Amaia enparantzara iritsitakoan, Txomin Agirre aldera hartuko dute, berriz hasierako lekura ailegatzeko.