- Ibarrako Udalak 2017tik darama lanketa egiten herriko puntu ilunak identifikatzeko eta argitzeko. Jakinik guzti-guztiak identifikatzeko ez dela gai, eta lanketa ahalik eta eraginkorrena egitea helburu, laguntza eskatu die herritarrei.

Horrela, herriko puntu ilunak identifikatzeko deia egin diete herritarrei eta argi falta dagoen lekuen berri ematea eskertuko dute. Lanketan parte hartu nahi dutenek ingurugiroa@ibarra.eus helbidera idatzi behar dute edo 943 671 138 zenbakira deitu.

Udalak hainbat urte daramatza lanketa hori egiten, zehazki, kale-argiteria jartzen argirik ez zegoen tokietan eta farolak gehitzen edo moldatzen argia falta zen guneetan. Dena dela, lanketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin ibartarrak inplikatu nahi dituzte.

2017an egin zituzten lehen aldaketak: Beko-bide kaleko argiztapena aldatu eta garaiera handiagoa zuten farolak jarri zituzten argi hobea izateko. Lehen gune hori argiztatzeko herritar batek eskatu zuen, eta hortik hasi zen egitasmoa. Orduko elkarlan-izaera horri eutsi nahi dio Udalak gaur egun ere, eta horregatik berritu du parte har-tzeko deia.

Lanketa hasi zenetik, beste hainbat gune ilun identifikatu eta argiztatu dituzte: Emeterio Arrese kaleko 8. zenbakiaren atzean berreskuratu zen herri-bidea; Emeterio Arrese 9. eta 11. zenbakien arteko eskaileren eta azpiko garajeen gunea; Zaldune auzoko 4. zenbakiaren alboko gunea; Euskal Herria kaleko 35. eta 37. zenbakien artekoa; Euskal Herria kaleko 42. eta 44. zenbakien atzeko gunea; Ikastola eta Egi baserriaren arteko bidea; Apaiz-Erreka auzoko 15 zenbakiko tunela; eta Argindegi auzotik Ibarburubide etxera doan zatia bereziki arriskutsua zela identifikatu zen argi-falta zela-eta; kale-argiteria jarri zen bi puntu horien artean.