- Beasaingo eta Ordiziako Udalak Mugiment kirol txartela proiektura atxiki dira, haien esanetan kirolaren praktika sustatzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Beasain eta Ordiziako kiroldegietako bazkideek, bi udalerri hauetako kirol instalakuntzak erabili ahal izango dituzte kostu gehigarririk gabe; hau da, Antzizar kiroldegiko bazkide diren pertsonek Majori-Altamira kiroldegia erabiltzeko aukera izango dute, eta alderantziz, aparteko kuotarik ordaindu beharrik gabe.

Proiektua atzo goizean aurkeztu zuten Leire Artolak, Beasaingo alkateak; Jon Ander Caballerok, Ordiziako kirol zinegotziak; eta Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendariak, Goiekiren egoitzan.

Zerbitzuak jarduera fisikoa bultzatu nahi du, Goierritik kanpo egonda ere, eta gainkostu bat suposatu gabe. Horregatik, Beasaingo eta Ordiziako kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera izateaz ez ezik, programara atxikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko 63 udalerrietako kiroldegi zerbitzuak ere modu berean erabiltzeko aukera izango dute Antzizar eta Majori-Altamira kiroldegietako bazkideek.

Egun, 901 jardueretan parte har-tzeko aukera ematen du proiektuak.

"Udalei autonomia eman nahi izan diegu instalakuntzak eta ordutegiak hautatzerako orduan", azaldu du Jon Redondok. Izan ere, ohiko bazkideei kirol instalakuntzen erabilera ez oztopatzeko, Beasaingo eta Ordiziako Udalek erabilpen ordutegi bat zehaztu dute Mugiment kirol txartelaren bitartez kiroldegira joaten direnentzat: astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 7.00etatik arratsaldeko 16.00etara, eta asteburuan zehar 16.00etatik kiroldegiaren itxiera ordura arte.

Mugiment kirol txartela txartel birtuala da. Hortaz, mugikorrean aplikazioa jaitsi beharko da.

Aplikazioan erregistratu egin behar da, erabiltzailearen datu pertsonalak adieraziz eta abonatua den udalerriko instalakuntzen izena jakinaraziz.

Ondoren, NAN eta telefono mugikorreko aplikazioa erakutsiz, programaren barruan dauden Beasaingo eta Ordiziako kirol instalakuntzak erabili ahalko dira.

Ohiko bazkideei kirol instalakuntzen erabilera ez oztopatzeko, Beasaingo eta Ordiziako Udalek erabilpen ordutegi bat zehaztu dute