Gabonetako agenda kulturala prestatzen ari da Hondarribiko Udala. Osasun egoera zaila bada ere, Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak tokiko administrazioaren asmoa kalitate handiko programazioa eskaintzen jarraitzea dela ziurtatu du, betiere pandemia kontrolatzeko neurrietan arreta asko jarriz.

Gabonetako lehenengo ekitaldi handia Santo Tomas azoka izan zen, hilaren 21an. Zein da udal gobernuaren balorazioa?

Keinu bat egin nahi izan genion egunari. Beraz, azoka antolatu genuen, besterik ez. Ez genituen talorik, txosnarik ezta animalirik jarri. Hala ere, bertako eta kanpotik etorritako ekoizleek oso eskertuta agertu ziren, bere produktuak Santo Tomas egunean kalean eskaintzeko aukera izan zutelako. San Pedro kalean aire librean eta 20 postuak lerroka jarrita azoka antolatzeko askatasuna geneukan eta hiriko bizitza dinamizatzeko ekitaldi aproposa iruditu zitzaigun.

Abenduaren 23an, Olentzeroren Etorrera egin zen Kasino Zaharrean, iazko formatu egokituan.

Bai, aurreko urtean bezala Kasino Zaharreko lorategietan modu estatikoan eta gonbidapenarekin egin zen ostegun arratsaldean, 15.00etan hasita eta 45 minutuko txandekin, haur guztiei Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera emateko. Udal honek osasun neurriei ematen ari dien garrantziaren adibide dela uste dut.

Modu berean, Errege Magoen kasuan formatua berria izango da Jostaldi pilotalekuan, ezta?

Hala da, berriz ere modu estatikoan eta doako gonbidapenekin, 300 txanda bakoitzeko. Beraz, guztira 2.400 txiki pasa ahal izango dira Jostalditik Erregeak ikustera urtarrilaren 5aren arratsaldean zehar.

Abenduaren 31eko San Silbestre solidarioaren harira azken albistea bere antolakuntza airean zegoela izan da. Nobedaderik kasu honetan?

Bai, pasa den ostiralean lasterketaren antolakuntzarekin bildu ginen ekitaldiaz hitz egiteko eta, momentuz, gure asmoa San Silbestrea egitea da. Badakigu azken egunotan beste herri batzuetan bertan behera gelditu dela, baina neurri bereziekin egin dezakegula uste dugu. Datozen egunotan datu gehiago emango ditugu.

Hauetaz aparte, Gabonetako programazioak ekitaldi ugari aurreikusten ditu. Hauetatik zein azpimarratuko zenuke?

Aktibitate asko antolatu ditugu datozen egunetarako. Adibidez, Gazte Tek gazteentzako tailer teknologikoak, Jostaldin abenduaren 28an jarriko dugun haur parkea, egun berean Itsas Etxean egongo den gospel kontzertua, 30ean liburutegian egingo den escape room ekitaldia... Eskaintza aberatsa lantzen saiatu gara eta hondarribiarrek aprobetxatzen ari direla uste dut. Datorren urterari begira, ekitaldi garrantzitsu bat izango dugu urtarrilaren 6ean, Go!azen programaren erakustaldi batekin. Itsas Etxean izango da eta bi saio egongo dira 12.30ean eta 16.00etan.

Zeintzuk dira Gabonetako dinamizazio kulturalaren helburuak?

Alde batetik, hondarribiarrek eta kanpotik bisitatzen digutenek herriaz gozatzea, Hondarribiko bizitza soziala piztuz. Baina bestetik, tokiko merkataritza bultza-tzeko asmoa daukagu beti Gabonetan. Hala erakutsi dugu aurten ere Bono Denda kanpaina eta jendeak bertan erostea helburua duten beste ekimen batzuekin.

Nola eragin du covidaren egoerak Hondarribiko Gabonetako programazio kulturala lantzerako orduan?

Dagoeneko badira hilabeteak osasun neurriak hartzen hasi genituenetik. Hondarribian kultura eremu segurua eskaintzen dugu eta datu berriak ateratzen direnean adi gaude beti. Orain ehuneko ehuna daukagu aforoaren aldetik, baina txertaketa-ziurtagiria eta nortasun agiria eskatzen ari gara eremu itxietan antolatzen ditugun ekitaldietan.

Eta datozen asteetarako nobedaderik egongo da osasun neurrien edo programazioaren aldetik?

Hemendik aurrera ez dakit zer planteatuko den; momentuz neurri horrek hamabi urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta sei urtetik gorako txikiei musukoak eskaintzen dizkiegu. Badirudi hiritarrek ongi hartu dituztela erabaki hauek eta kultur ekitaldietara hurbiltzen jarraitzen direla. Zenbait gauza egokitu behar izan ditugu, baina orokorrean ekitaldi asko programa-tzen jarraitzen dugu.

"Badirudi hiritarrek neurriak ondo hartu dituztela eta ekitaldietara hurbiltzen direla"

"Programazioaren xedea bizitza soziala piztea eta tokiko merkataritzari bultzada bat ematea da"