- CIMASUB Donostiako Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloaren 45. edizioan itsasoari buruzko lehen mailako film laburrak eta dokumentalak ikusteko aukera egongo da datorren astean, azaroaren 18, 19 eta 20ean. Proiekzioak 19.00etan izango dira, Antzoki Zaharrean, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Horrez gainera, aste guztian zehar, astelehenetik ostiralera bitartean, Donostiako hamabi ikastetxetako 725 ikaslek Txikizikloan hartuko dute parte. Larunbatean, berriz, eguerdiko 12.00etan, Txikizikloa familiei zuzendua egongo da eta Aquariumeko auditorioan izango da.

Sarrerak zenbakituak izango dira, eta egun berean Antzoki Zaharreko leihatilan eskatu ahal izango dira, 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 19.00etara. Aquariumeko Txikiziklo familiarrean, ordea, ezingo dira sarrerak aldez aurretik lortu eta iritsiera-ordenaren arabera burutuko da.

Aurtengoan, lehen mailako estreinaldiak eskainiko ditu Donostiako itsaspeko zinema zikloak Itsasoarekiko maitasunak guztiarekin ahal duenean lelopean; guztira, 27 film labur eta hiru dokumental. Alde batetik, iraganera bidaia egitea proposatuko du, itsas hondoen gaur egungo egoera eta orain dela 50 urtekoa alderatzeko. Bestalde, Kantauri itsasorik basatiena eta Kanariar Uharteetako Mantelinen babeslekua ezagutuko ditugu. Gainera, Mediterraneoko hondorik ikusgarrienez gozatuko dugu, eta Indonesiako uretan murgilduko gara.

Bernard Delemotte 20 urtez Calypso ontzian Jacques Cousteau komandantearen lankide izandakoa etorriko da aurtengoan Donostiara. Horrez gain, Daniel Aldaya eta Laura Madrueñok Rumbo al pasado dokumentala estreinatuko dute; Enrique Talledok Cantábrico Salvaje; Vicente Leal Juanek Fragile; Victor Sánchezek Themba; eta Jose Carlos Randok Mediterraneo.

Pantaila handian oso gutxitan ikusi daitezken itsaspeko irudi ikusgarriak ikusteko aukera ematen duen zikloa da CIMASUB, azken urteetan ospe handia lortu duena. 6.000 pertsona inguruk parte hartu dute azken hamabi hilabeteetan egindako ekitaldietan, 1.700 umek gozatzeko aukera izan dute egindako Txikizikloetan, eta planetako txoko guztietatik iritsitako 120 lan baino gehiago aurkeztu dira lehiaketara. Datuok oso positiboak dira, are gehiago pandemiak eragindako konplikazioak tartean izanda, izan ere, 2018ko edizioarekin alderatuz, aurten jasotako lan kopurua bikoitza izan da.

Proiekzioak 18, 19 eta 20ean izango dira, Antzoki Zaharrean eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte