- Ataungo herriak aspaldikoak diren istorioak, kondairak eta legendak berpiztu zituen larunbatean. Izan ere, Jentilen Etorreraren 40. urteurrena izan zen.

Jentilen Etorrera ilunabarrarekin batera egin zen. Jentilak, sorginak eta lamiak, beste hainbat izaki harrigarrirekin batera, herrira jaitsi ziren. Ataundarrak bertan zeuden, mendietatik eta erreketatik etorritako pertsonaiei ongi etorria emateko.

Aurtengo ikuskizuna berezia izan zen. Urteurrenarengatik omenaldi bat egin zitzaien 40 urteetan zehar Jentilen Etorreran parte hartu dutenei. Bideo berezi bat proiektatu zen ikuskizunaren hasieran.

Pasarte ezagunak antzeztu ziren: Samartin Txiki gari lapurretan, Andralizetako istorioa, Muskiko kobakoa, etab.

Ikusle ugarik San Martindik abiatu eta kiroldegirako kale ibilaldiaz gozatu zuten. Jarraian, antzeztu ziren bi saioetan 1.500 pertsona egon ziren presente, Euskal Herriko txoko anitzetatik etorritakoak.

Jentilbaratza Kultur Elkarteak antolatzen du urtero ikuskizuna, eta bizirik mantentzen du Ataunen Joxemiel Barandiaranek Euskal Herriko pertsonaia eta istorio mitologikoen inguruan piztutako grina eta jakinduria.

Antolatzaileek urte askoan lanean jarraitzeko asmoa dute, mitoak zaindu eta zabaltzeko helburuarekin: "Ez dadila haria eten".