Iraultza, 50 urte kultura jazten

01.09.2021 | 23:47
'Erronkariko Ttun-Ttun dantza' dantzatzen 1986an. Argazkia: N.G.

Errenteriako dantza taldeak euskal herriko dantzak berreskuratzeaz gain jantziaren zentroa sortu du

Errenteriako Iraultza dantza taldeak mende erdia bete du aurten. Eta bost hamarkada hauetan lan bikoitz bat egin du: alde batetik 40 euskal dantzatik gora eskaini ditu eta milaka jantzi berreskuratu ditu.

Bigarren ekimenari, bildumazaletasunari, dagokionez, hau Kapitain-etxean kokatu den Jantziaren Zentroan gorpuztu da. Bertan ez daude bakarrik euskal jantziak, baizik eta XVIII. mendetik Europako moda azaltzen duten 35 jantzi ere. Herri xehearen zein goi mailako gizartearen bizimodua, ohiturak, janzkera, azken finean, garai bakoitzean indarrean egon zen moda ezagutzeko aukera da. Gaur egun Jantziaren Zentroan buru-belarri lanean dabiltza Iraultzako kideak.

Alabaina, batez ere mendi honetan tradizioaren aitzindari izan da eta ehunka errenteriarrek eta inguruko herritako lagunek osatu izan dute Iraultza 50 urte hauetan.

Maiatzetik ekainera bitarte, taldeak bere historiaren laburpena Kapitain-etxean antolatutako erakusketan jaso zuen. Dantzarako erabilitako lehen jantzitik hasita gaurdainoko bildumara, horrez gain, dantzari ohiek batutako ehunka argazki ikusgai egon ziren pantaila batean.

Bestalde, Iraultza dantza taldeak bere historia jasotzen duen laburpena idatzi du, Oarso udal aldizkarian argitaratu dena. Gogorazi dutenez, Iraultza 1971n jaio zen, Telleri-Aldeko mutil talde bat Gaztedin entseatzen zuen neska talde batekin elkartu zenean. 70. hamarkadan apenas 18 urte zituzten neska-mutilek sortu zuten dantza taldea; garai horretan kultura eta herri izakera aldarrikatzeko aukera ezin hobea topatu zuten. Diktadura-aldin sortu zenez, taldea erregistratzeko garaian Iraultza hitzaren esanahia zertxobait aldatu eta "bilakera" esan nahi zuela adierazi zuten.

Beraz, Iraultza 70. hamarkadan hasi zen lehenengo dantzak ikasten eta bere emanaldietarako arropak sortzen. Gainera, Iraultza Errenteriako bizi kulturalaren partaide da eta beraiek hasitako zenbait proposamen, gaur egun mantentzen dira; inauterietako konpartsa desfilea edo madalenatako pregoia.

80. hamarkadan, herri desberdinetako ohiko dantzak berreskuratu ziren, guztira 40 bat.

Urteak joan ahala, belaunaldi berriak iritsi ziren Iraultzara eta 90ko hamarkadan Iraultza dantza taldeko kideek ikerketarako bideari heldu zioten, janzkera oinarri hartuta etnografia, ohiturak, gure kultura, gure herria, azken finean, nondik gatozen, ikertu eta belaunaldi berriei trasmititzea bilakatu da bere lana. Ibilbide berri honen eragilea, taldeko alma materra, Ramón Garcia da. 1971tik taldeko kide da eta ogibiziz jostuna, berak josi ditu taldeko jantzi gehienak. Gainera, Jantziaren Zentroa sortu zenetik, 2017tik, bera da arduraduna. Taldeak dagoeneko euskal eta atzerriko herrietako 500 jantzi ditu. Orain arte, Beraungo lokal batean zituzten gordeak, baina Udalak lokala behar duenez, taldea beste bat emateko zain dago.

"Duela 50 urte Euskal Herriko herritan euren dantzen berri ahoz eman ziguten adinekoak gogoan, gaur egungo teknologia berriak lagun, gure lana janzkera, euskaldunok zer eraman dugun soinean eta horren zergatia azaltzea da. Bide horretan, Jantziaren Zentroa bilakatu da gure amets eta proiektu". Honela laburbiltzen du taldeko kide den Ainhoa Mendiburuk Iraultzaren xedea Oarso udal aldizkarian.

Inauterietako konpartsen desfilea edo madalenetako pregoia Iraultzak herriko bizi kulturalean txertatutako ekintzak dira

noticias de noticiasdegipuzkoa