Hernanik Kulturarteko Plaza Feminista irailean zabalduko du

Eraikinean berdintasun, lankidetza eta kulturartekotasunean lan egiten duten eragile eta udal arloak kokatuko dira

01.09.2021 | 00:26
Eraikinaren barrualdea, oso argitsua dena. Argazkia: N.G.

Hernani – Hernaniko Udalak Kulturarteko Plaza Feminista eraikina, Gabriel Zelaia plazaren eta Florida Auzoa kalearen artean aurkitzen dena, irailean zabalduko du. Bertan egingo den lana herrian genero berdintasuna eta kulturartekotasuna sustatzea izango da.

Beraz, eraikinean Udal Berdintasun, Kulturartekotasun eta Lankidetza arloak kokatuko dira. Gainera, berdintasunaren eta kulturartekotasunaren alde eta ikuspegi feminista batetik herrian lan egiten duten hainbat eragilek erabiliko dute euren jarduera eta ekimenetarako. Baita LGTBI+ kolektiboak ere bere tokia izango du. Espazio propioak eta komunak izango dituzte eta herritarrei irekia ere egongo da.

Irantzu Jauregik, Berdintasun teknikariak, gogorazi duenez, espazio honen beharra 2016an antzeman zen. 2013. urtetik matxismoaren aurkako eragile guztiak eta Berdintasun arloa Aristizabal kalean, Plaza Feminista izeneko espazioan, bildu ziren, Berdintasun Kontseiluaren aldarrikapenari erantzunez.

Alabaina, ekipamendu honen erabilera egiten zuten eragile eta herritarren gorakadaren ondorioz, espazioa txiki geratu zela baloratu zen. Lokal batetik eraikin batera salto egin behar zen. Gabriel Zelaiako ikastola ohira, hain zuzen.

Orduan, herriko emakumeekin parte-hartze prozesu bat abiatu zen, eraikin horren antolaketa eta fun-tzionamendua definitzeko, besteak beste. Udala oso pozik geratu zen abiatutako ibilbidearekin bileretan emakume askok parte hartu zutelako, adin eta egoera desberdinetakoak gainera.

Jauregik aditzera eman duenez, irailean martxan jarriko den ekipamendua Aristizabal kalean zegoenarekin alderatuta desberdintasun nabarmenena eraikin berrian Amher Sos Arrazakeriak ere bere toki propia izango duela da. Gainera, zerbitzu juridikoa eta etorkinei edo etorri berriei eskainitako zerbi-tzuak ere bertan izango dira. Horregatik izena aldatzea egoki iruditu zi-tzaien eta Plaza Feministari "Kulturarteko" hitza gehitu zitzaion.

Teknikariak azpimarratu duenez, zerbitzu eta eragile guzti hauek batera lan egiteko horrelako espaziorik ez dago Euskal Herrian.

Baina, badago beste arrazoi bat eraikin hau aitzindari bihurtzen duena. Izan ere, Euskal Herriko lehen eraikin administratiboa da Passivhaus EnerPHit estandarra jarraituz birgaitu dena.

Passivhaus ziurtagiria izateak esan nahi duena da eraikinak energia kontsumo ia eza bilatzen duela.

Horretarako Gabriel Zelaiako ikastola ohian isolamendu lan handia egin da pareta eta teilatuan. Bestalde, lurran hezetasun dexente zegoen eta zanga bat egin behar izan zen drenajea hobetzeko. Airearen kalitatea garbitzeko sistema flitratu bat jarri da. Argia ere luzero batetik zuzenean sartzen da.

Guztira, Hernaniko Udalak 820.000 euro inbertitu ditu birgai-tze eta urbanizazio lanetan.

noticias de noticiasdegipuzkoa