- Laskorain Ikastolak bere 25. Merkatu Txikia egin ezin izan duen honetan, elkartasunari keinu egiteko bide berri bat abiatu du. Elkartasun ufada ekimenaren balorazio “bikaina” egin du ikastetxeak eta Tolosako kultur etxean bildutako material guztia Caritas, Zaporeak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideek jaso dituzte.

Tolosaldeko herritar askoren elkartasuna jaso du Laskorain Ikastolak. Eskerrak eman dizkiete arroza, babarrunak, pardelak, dilistak, txitxirioak, galtzerdiak, maskarak, kontserbak, esne-hautsa, gailetak, olioa, azukrea edota te-poltsak eman dituzten herritar guztiei. “Eskerrak eman nahi dizkiegu elkarteei, haien hitzek gure ikasleen kontzientziak astindu ez ezik, jendearengan ere eragin zuzena izan baitute. Eta, eskerrik asko, nola ez, boluntario lanetan aritu diren guraso, langile eta gure batxilergoko ikasleei”, gehitu dute Laskorain Ikastolatik.

Enkargu handiak egin dituzten saltokiei ere eskerrak eman dizkiete; hala nola, Ibarrako Joakin Harategia, Anoetako Autoservicio Maite, Ibarrako Carrefour Express edo Villabonako Fernandez Uranga farmazia. “EKO Tolosari, gure ikasleak goxo hartu eta eguneroko txandetan bertan izateko aukera eskaintzeagatik eta eskerrak eman nahi dizkiogu baita Limousin Kartoiak enpresari ere, bere eskuzabaltasunarekin kaxa mordoa egin ditugulako”, amaitu dute.