- Urtarriletik ekainera 1.294 garaje saldu dira Donostian, batez beste, 28.000 euroko prezioan. Bestalde, lehen hiru hilabeteotan (bigarren hiruhilekoaren datuak falta dira) 158 trasteleku saldu dira hirian.

Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoak eta Donostiako Etxegintzak txostena kaleratu zuten pasa den astean, hiriko etxebizitza, garaje eta trastelekuen salmentari buruzko xehetasun eta datuekin, auzoz auzoko errealitatea zein den ezagutu eta publiko egiteko. Asmoa hiru hilabetero datuak eguneratzen joatea da eta herritarrek webgunean informazio osoa eskura izatea.

Garaje eta trastelekuen inguruan hainbat kontu argitzen ditu aipatutako txostenak. Hasteko, bi higiezin hauek eta etxebizitzek joera desberdinak dituztela. Garajeen kasuan, esaterako, salmentak eta prezioak aldakorrak direla nabarmentzen du analisiak, azken urteotako datuei erreparatuta (itxitako eta eskrituratutako erosketen prezioak dira datuen iturria). Hala, 2018an goia jo ondoren (1.821 euro metro karratuko, batez beste), ordutik prezioak behera egiten jarraitzen duela dio txostenak: 2020ko apiriletik ekainera jaitsiera %2,4koa da eta, batez besteko prezioa, 1.651 eurokoa metro karratuko.

Hala ere, etxebizitzen kasuan bezala, hemen ere zenbaki horiek errealitate oso desberdinak dituzte atzetik. Erdialdeko hainbat guneetan 2.867tik 5.210 eurora doaz saldutako aparkalekuen prezioak (beti ere, metro karratuko). Gainerako auzoei erreparatuta, Gros da garestiena (2.669 euro) eta Martutene, berriz, merkeena (541 euro). Hala, saldutako garajeek San Bartolome inguruan 44.792 euroko prezioa izan dute batez beste eta Martutenen, berriz, 12.890 eurokoa (bi plazako garajeen artean ere auzorik merkeena da).

Aipatzekoa da garestienen eta merkeenen arteko zerrenda hori ez datorrela guztiz bat etxebizitzen zerrendarekin eta horrek zerikusi zuzena dauka auzo batean eta bestean dagoen aparkatzeko arazoekin. Hala, etxebizitza merkeenak dituen Altzako auzoan garajeak 1.300 euro inguruan saltzen dira metro karratuko, hiriko batezbestekotik askoz ere gertuago eta Martuteneko datuak aise bikoiztuz. Amara Berri, Martutene, Gros, Aiete eta Altza dira salerosketa gehien izan dituzten auzoak.

Trastelekuei dagokienez, berriz, Gros, Amara Berri eta Altza dira gehien eskrituratu dituztenak. Kasu honetan, joera ez da hain aldakorra, baina garajeen antzera, azken urteotako preziorik altuenak 2018an izan zituzten, 1.688 euro metro karratuko batez beste. Hortik aurrera behera egin du prezioak eta 2020ko bigarren hiruhilekoan aurreko urtearekin alderatuta %9,9ko jaitsiera izan zen, 1.394ko batez bestekoarekin. Erdialdeko kasuak kenduta (salmenta gutxi egin dira eta datuak kontuz aztertu behar dira, baina 2.300 euroko batezbestekoa agertzen dute), auzorik garestiena Gros da, 1.902 euro metro karratuko. Eta kontuan izan behar da auzo horretan jaitsiera handiagoa izan dela (%15,4koa).

Hala ere, saldutako trastelekuen prezioa oraindik ere 13.000 euro ingurukoa da, aurreko bederatzi hilabeteotan bezalakoxea eta aldaketa handirik gabekoa, Etxegintzaren txostenaren arabera.

Auzoz auzoko datuak esanguratsuak dira eta, Erdialdea baztertuta ere, alde handia dago Martuteneko eta Groseko prezioen artean

Trastelekuen batez besteko prezioa 13.000 euro ingurukoa da, baina salerosketak askoz ere gutxiago dira