Amasa-Villabonako Xabat Laborde zinegotziak azaldu moduan, murriztu egin dira uda honetan bidaiatzeko aukerak. Kaleak, baserriak eta ibilbideak kokatzen dituen tresna honen bitartez herria ezagutzera emateko aukera eskaini nahi da. “COVID-19aren ondorioz bizi dugun osasun krisi egoera dela eta, herri barruko ibilbideak egin, bertatik bertara mugitzeko edota barne turismoa praktikatzeko aukerak indarra hartu duen garaiotan tresna paregabea da mapa hau”, azaldu du zinegotziak.

Software libre bidezko teknologia berritzailea tarteko, Gislan Geographic Applications SL enpresak garatu duen mapak Villabonako informazio andana jartzen dio eskura erabiltzaileari, modu oso intuitibo eta errazean.

Bertan, zortzi kategoria ezberdin eta 16 geruzatan sailkatuta, 200dik gora elementu geoerreferentziatu dira, udalerriko kale-izendegiaz, baserriez eta ibilbideez gain. Hala, besteak beste, zerbitzu publikoak, ongizaterako zerbitzuak eta azpiegiturak, ondarea, kirolerako eta aisialdirako baliabideak, mugikortasunari lotutakoak, ibilbideak zein jateko edo lotarako lekuak eta horiei buruzko informazioa jarri da erabilgarri mapan. Aipatu elementu guztietara iristeko Google Maps bidezko irisbidea emateko aukera ere gaituta dakar.

Kaleak, baserriak, ibilbideak edota mapak jasotzen duen informazio orotara modu errazean iristeko bilatzailea ere badakar mapak. Inolako aplikaziorik jaisteko beharrik gabe, gailu mugikorretatik zein ordenagailuetatik erabili daiteke eta automatikoki egokitzen zaio gailuari.

Software librearen gainean eraikitako eta informazio publikoan oinarritutako mapa bisore interaktiboa da. Ez dauka lizentzia kosturik eta udalak maparen eta bertako informazioaren gaineko kontrol osoa dauka.

Ibilbideak egiteari edo udalerritik mugitzeari dagokionez, norbere gailuaren geolokalizazioa aktibatuz gero, norbere kokalekua ikusi eta bidea jarraitzeko aukera ematen duen arren, mapa interaktiboak ez du propio erabiltzailearen informazio pribaturik gordetzen edota hirugarrenen eskura jartzen honen inolako informaziorik.

Tresna dinamikoa da eta edonork egin ditzake ekarpenak. Horretarako, mapan bertan dago hobekuntzak proposatzeko aukera.

Mapa toponimikoa

Proiektu zabalagoa

Gislan Geographic Applications SL enpresak garatu du proiektua, izan ere maparen lanak proiektu handiago baten barruan kokatu dira. Ane Garai enpresako ordezkariak azaldu moduan, mapa interaktiboarekin batera, udal mapa toponimikoa eguneratu da (webgunean dago deskargarako PDF bertsioa), Udaleko bulego teknikoko langileentzako azpiegitura geoinformatikoa garatu da, eta udalerriko informazio espaziala eguneratu da: BTA edo Base Topografiko Armonizatua (erreferentzia-puntuak, izen geografikoak, erliebea, lur estaldura, eraikuntzak, elementu eraikiak, zerbitzu eta instalazioak, hidrografia eta garraio sareak).

Gainera, Udalaren kale-izendegia eta atariak (Eustat) berrikusi dira. eta udalerriko toponimia guztia Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin berrikusi da.