- Xabier Aranburu Guzta harri-jasotzaile idiazabaldarrak iazko abenduaz geroztik ez du entrenamendurik egin. Zaldibargo zabortegian lanean dabil eskabadorarekin, eta entrenatzeko libre denbora gutxi duela azaldu du. Hala ere, errepasoa egin dio haren kirol-ibilbide profesionalari.

Noiz hasi zinen harria jasotzen?

-Aurrez lastoa altxatzen hasi nin-tzen, eta 24 urte ingururekin izan nuen lehenengo kontaktua harriarekin, 2011. urtean. Lagunak elkar-tzen ginen eta elkarri zirikan ibili, ea nork altxatu pisu handiagoa. Ostegunetan juntatzen ginen, ondoren afalduko genuen aitzakiarekin, ondo oroitzen naiz horretaz. Gero, poliki-poliki gustua hartzen hasi nin-tzaion kirol honi, eta serioago hasi nintzen bai entrenatzen eta baita lehiatzen ere. Baina esan liteke oso modu naturalean sartu nintzela harria jasotzearen munduan, ez nuen bilatu, bakarrik etorri zitzaidan zerbait izan zen.

Urte hauetan zein izan da altxatu duzun pisurik handiena?

-Nire marka pertsonala, kiloei dagokionean, 225 kilokoa da. Horrek eman dit lan gehien nire ibilbide profesional osoan. Egia da gehiago altxatu izan dudala entrenamenduren batean, 230ekoa, baina ofizialki hori da nire zenbaki altuena. Hala ere, inolako zalantzarik gabe, 250 kiloko harria jasoko banu, harri handiak altxatzeari utziko nioke, eta pisu txikiagoan ibili. Oso gustura ibiltzen naiz horretan, asko gozatu izan dut.

Izango duzu txapelketaren bat bereziki gogoan duzuna.

-Bai; badira bat baino gehiago, noski. Donostiako Aste Nagusian izandako txapelketa da bat oso gogoan dut oraindik ere, bigarren gelditu nintzen lehia hartan baina sentsazioak oso onak izan ziren. Asteasun 200 kilokoarekin aritu nintzen beste aldi bat ere gogoan dut. Bertan, Perurenarekin-eta egon nintzen, eta oso oroitzapen onak ekartzen dizkidan momentua da.

Minutu gutxian gauza asko demostratu behar dira harria altxatzen.

-Dudarik gabe kirol oso esplosiboa da harri jasotzea, dirudiena baino zailagoa, gainera. Fisikoki oso ondo prestatuta egon behar duzu, lan guztiaren emaitza segundo gutxitan erakutsi behar delako. Horregatik entrenamenduak beharrezkoak dira, eta jarraipen batekin egin behar dira, gainera. Baina garrantzitsua da oso konzentratuta egotea harria jaso beharreko unean eta etxeko lanak ondo eginda aurkeztea txapelketetara, ondoren ez gelditzeko sentsazio txarrarekin. Hiru minutu izaten ditugu altxaldiak egiteko, eta hori da balio duena.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

-Entrenamenduei dagokionean, normalean astean behin baino gehiagotan egiten ditut. Asteazkena izaten da egun bat, eta ondoren larunbata edo igandea. Asteburukoa izaten da entrenamendu fuerteena, denborak neurtu egiten ditugu, eta ikusi zenbat jasoaldi egiten ditudan. Bestalde, deskantsu egunak ere garrantzitsuak dira.

Dirudienez, Euskadiko Aizkora Federazioak udazkeneko txapelketa guztiak bertan behera uzteko asmoa du, eta erabaki bera har lezake Harri Jasotze Federazioak.

-Guk dakigunez, oraingoz Aizkora Federazioarena da egia; bestea zurrumurrua da. Baina oraingoz udazkenera bitartean itxaron beharko dugu, tartean antolatu izan dira pare bat txapelketa baina nik ez dut parte hartuko bertan, eta irailera itxarongo dut.

Txapelketetan, urteak pasa ahala, urduriago jartzen zara, ala esperientziak lasaitasuna eman dizu?

-Ba egia da urteen joan etorrian, geroz eta urduriago jarri izan naizela. Nik uste izan daitekeela mundu honetan barneratzen hasten zarenean, jendeak espero dezakeenaren mailan aritu nahi duzula. Izen bat egiten duzunean gertatzen da hori, jendeak ondoren zure denborak, zure altxa aldiak kontrolatu egiten dituela. Eta azkenean bai, urduri jartzen amaitu dut urteen joan etorrian.

Konfinamendua ez da erraza izan baina denbora gehiago izan dute askok entrenatzeko. Zure kasuan, hala izan da?

-Egia esan, abenduaz geroztik harria hartu gabe nago. Zaldibargo zabortegian gabiltza eskabadorarekin lanean, gelditu gabe. Horrek ez dit denbora askorik utzi, eta ondoren etorri da koronabirusa. Egia esan, ez nabil animoz gogo handiarekin.

Nolako harrijasotzailea zarela esango zenuke, definitzeko modurik ba al dago?

-Harri zilindroarekin ez naiz oso ondo moldatu, baina kubikoari azkenean hartu diot neurria. Pixu handia altxatzeko harri errezena rektangularra da, baina borobilarekin nahiko gustura ibiltzen naiz.

Erretiratzeko asmoa buruan dabilkizu?

-Bai. Beti esan dut sasoi onean erretiratu nahiko nukeela, eta hala egingo dut unea iristen denean. Ez nuke nahi erretiroa hartu behar izatea ez nagoelako osasuntsu edo lesioren bat izan dudalako. Garrantzitsua dela iruditzen zait momentu onean zaudela alboratzea txapelketetatik, eta bai, ideia hori buruan dabilkidan zerbait da.

"Inolako zalantzarik gabe, 250 kiloko harria jasoko banu, harri handiak altxatzeari utziko nioke eta pisu txikiagoan ibili"

"Oso modu naturalean

sartu nintzen harriak jasotzearen munduan,

ez zen izan bilatu nuen zerbait, bakarrik etorri zen"