San Tomas eguneko azoka han eta hemen ospatzen dute eta Gipuzkoako hainbat herritan festa giroa zabaldu zuen atzo beste behin ere Gabonei ongietorria ematen dien hitzorduak. Txistorra herri askotan jan bazuten ere, Errenterian, Azpeitian eta Irunen bereziki milaka herritar bildu ziren eta gaur Arrasatek hartuko du lekukoa.

Lehenengoz, bi txerri

Atzo 33. urtez ospatu zuen San Tomas eguna Errenteriak AEK euskaltegiak antolatuta, herriko elkarte askoren laguntzarekin. Aurtengo berrikuntza nagusia Zumardian bi txerri egon zirela izan zen, Maddalen eta Jabianero.

Zumardia festaren erdigunea izan zen beste behin ere, animalien erakusketarekin, talo postuarekin eta baserritarren saltokiekin, baina Foru plazan artisau postuak ipini zituzten eta Herriko plazan, Agirre Lehendakariaren plazan, Biteri kalean eta Xabier Olaskoaga plazan txistorra postuak egon ziren.

Goizeko lehenengo orduetatik jende asko atera zen kalera txistorra jatera eta euskal baserritar giroaz herriaren erdigunean disfrutatzeko, bazkalosteko eguraldi aldaketak giroa zakartu bazuen ere.

Hamaika hitzordu

Eguerdi partean hiriguneko plaza eta kaleetan zegoen giroa eta jendetsa ikusita, argi zegoen atzokoa egun handia zela Azpeitian. Izan ere, larunbata izanda, inguruko herri eta eskualdeetako herritar ugari gerturatu ziren Azpeitira (Beasain eta Tolosatik, adibidez, hainbat autobus atera ziren) San Tomas eguneko festaz gozatzeko.

Ez dago esan beharrik zaila egiten zela plaza Nagusian ipinitako postuetan zerbait eskatzea baina era batera edo bestera bertan bildutako gehienek lortu zuten txistorra edota txorizo pintxoa (edo taloa) eskuartean izatea.

Edonola ere, atzokoan adin guztietako herritarren nahiak asetzeko moduko aukerak izan ziren Azpeitian. Eta ez jana eta edanari dagokienez bakarrik; herrian ekitaldiz betetako egitaraua antolatuta zegoen eta horietako guztietan jende ugari bildu zen.

Herri kirolen jaialdia, udazkeneko azoka berezia, Patxi Azkargorta zenaren omenezko pilota txapelketaren finalak, bertso saioa, dantza solteko txapelketa, erraldoi eta buruhandien kalejira... San Tomas eguneko ekintza guztiak arrakastatsuak izan ziren. Eta festa eguna girotzeko, nola ez, hainbat talderen kalejira eta emanaldiak ere izan ziren. Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Itsasi taldeko tuntturroak, musika eskolako trikitilariak, Bentazaharreko mutiko alaiak taldea eta Referee eta Elepunto DJak jaia giro-tzeko lan horretan aritu ziren askorentzat gaurko ordu txikietara arte luzatuko zen jardunaldian.

Erdia bakarrik

Goizeko lehenengo orduetatik giro ezin hobea bizi zen atzo Irungo Urdanibia plazan, urteroko San Tomas eguneko eszenatoki nagusia hiri bidasoarran. Han bildu ziren goizeko 8.30ean eskualdeko eta inguruetako barazki, animalia eta ezti ekoizleak haien salmenta postuak muntatzeko.

Eguerdirako plaza jendez beteta zegoen eta oso, oso zaila egiten zen bertatik mugitzea: txistorra eta taloak dastatzeko ilarak amaigabeak ziren. Irungo Udalak antolatutako programazioko ekimen nagusiak, Urdanibiako eszenatokian, 11.30ean hasi ziren, Txorimaloak soinu taldearen emanaldiarekin. Hala, musikak festa giroa areagotu zuen, goizeko orduetako eguraldi bikainaren ondorioak (temometroak ia 20 gradura iritsi ziren Irunen goizaldean) areagotuz.

Festak Adaxka dantza taldearen saioarekin jarraitu zuen 12.00etan, eta, ondoren, 12.45ean, Eraiki dan-tza taldearen txanda iritsi zen. Bitartean, barazki, animalia eta ezti ekoizle onenek sariak jaso zituzten Irungo Kultura zinegotziaren eskuetatik.

Tamalez, atzoko egunean San Tomas erdia baino ez zen gozatu Irunen: bazkalostean, eurite ikaragarri batek arratsaldeko ekimen guztiak bertan behera uztera behartu zuen. "Nora zoazte?", galdetu zuen Urdanibiako postuetako dendari batek, barrez, 15.30ak aldera, bertan zegoen lagun talde bat euritik ihes egiteko korrika hasi zenean. "Gaurkoz San Tomas bukatu da", izan zen erantzuna.

Ondorioz, atzo arratsalderako aurreikusita zeuden Irungo udal musika eskolaren, Auntxa trikitixa taldearen, Ibarla Meaka dantza taldearen eta Kemen dantza taldearen saioak ikusteko hurrengo San Tomas egunera arte itxaron beharko da.