Síguenos en redes sociales:

"Langabezian geratu nintzen, eta uneaz baliatu nintzen nire ametsa burutzeko: argazkilaritzatik bizitzea"

"Langabezian geratu nintzen, eta uneaz baliatu nintzen nire ametsa burutzeko: argazkilaritzatik bizitzea"

Tolosa. Ura Iturraldek Tolosako bazter ia guztiak fotografiatu ditu ziurrenik, eta azken urteetatik hona, baita mundu erdia ere. Krisi garaian profesionalki bide berri batetik jo zuen, eta argazki kamera eskuan, istorio bila aritu da bien bitartean. Bidaiekin maitemindua betidanik, orain aitzaki ezin hobea du han eta hemen argazkiak eta istorioak harrapatzen saiatzeko. Erreportai fotografikoak beste argazkilaritza lanekin uztartzen ditu, kamera eskuan duela bizi ahal izateko.

Zer da zuretzat argazkilari freelance bat izatea?

Argazkilaria bakarrik ez, kazetaria naizela ere esango nuke. Nire lana ez da soilik argazkiak egitea, istorioak kontatzea baizik. Freelance naizenez, gaiak nik aukeratzen ditut, nik bilatu eta lantzen ditut. Zailena kontaktuak lortzea dela esango nuke, gaia sakon jorratu nahi baduzu. Erreportaia amaiturik dudanean, gaiaren arabera aldizkari bati edo besteari eskaintzen diot.

Zure bizitza argazki tartean igaroko zenuela imajinatu al zenuen?

Nik Diseinu Grafiko ikasketak burutu nituen Donostian baina betidanik gustatu izan zait argazkilaritza eta argazkien bitartez istorioak kontatzea. Urte asko igaro nituen diseinatzaile lanetan baina bitartean oporrak aprobetxatuz kamara hartu eta bidaiatu egiten nuen afizioz. Krisiaren ondorioz nire empresak ezin izan zuen nire postua mantendu eta langabezian geratu nintzen. Une hori aprobetxatu nuen nire ametsa burutzeko: argazkilaritzatik bizitzea alegia.

Une aproposa dirudi. Nola hasi zinen bide berrian aurrera, nondik abiatu zinen?

Bidai luze bat egin nuen Asiatik nire kamara eskuan eta motxila hartuta. Bidai hartan asko ikasi nuen, atzerrian bakarrik moldatzen, jendearekin tratatzen, eta noski, argazkigintzan. Bidaitik bueltan Tolosan argazkilaritza kurtso bat egin nuen eta ondoren Madrilera joatea erabaki nuen bertan kurtso gehiago jasotzeko. Argazkilaritza dokumental kurtsoak ateak ireki zizkidan arren, gehiengoa nire kabuz ikasi dut.

Maldan gora, ala maldan behera ikusten duzu zeure burua behin mundu horretan murgilduta?

Ez da batere erreza argazkilaritzatik bizitzea. Erreportaietaz gain beste lan asko ere egin behar ditut: ezkontzak, ekintza bereziak, stock argazkiak eta abar. Gure ofizioa oso desberdina da, gaur lana eduki dezakegu eta etzi ez, oso ezegonkorra da.

Ezegonkortasun ekonomikoaz haratago, istorio bilatzaile bizitzak entretenigarria dirudi ziur. Nolakoa da eguneroko bizitza freelance bezala?

Esnatu orduko albisteak bilatzen hasten naiz. Interesgarriak iruditzen zaizkiten gaietaz ahal dudan guztia irakurtzen dut, eta proiektu bat buruan dudanean nola burutu pentsatzeari ekiten diot. Hau da, nola iritsi bertara, nola lortu kontaktuak eta abar. Inbestigazio lan haundia dago edozein erreportairen atzetik. Egunak igarotzen ditut ordenadorea, liburu bat eta argazki kamera alboan ditudala.

Bidaiari galanta zara, eta motxila mundu osoko banderekin bete duzu iada. Lana edo bizioa?

Beti maite izan du bidaiatzea. Lagunekin hainbat bidai egin ondoren erabaki nuen bakarrik probatu nahi nuela. Desafio pertsonal bat izan zen; asko ikasten da bidean bakarrik eta niri pertsonalki asko betetzen dit. Urte asko daramatzat bakarrik bidaiatzen eta afizio izan zena orain lan bilakatu dut. Bolibian izan nintzen Che Guevarari buruzko erreportai bat egiten, eta Mozambiquen bertako irla txiki bati buruzko erreportai batekin. Hurrengo bidaiak ere lan moduan hartuko ditut, bertako istorioak kontatu nahiko nituzkelako.

Lanak errentagarri bilakatzea erraza al da hain urrunera egindako bidaietan?

Ez da batere erraza gastu asko hartu behar direlako kontuan: hegazkina, traduktorea eta gida behar izanez gero, eta abar. Erreportaia argitaratzereakin bakarrik ez da errentagarria ateratzen ia inoiz, bai ordea erakusketak antolatuz gero, hitzaldiak eta ikastaroak. Enkarguz lan egitea oso zaila da, argazkilari asko gaudelako lehia horretan; hori da denek bilatzen duguna.

Begirada atzera botaz gero, bizitzan hartutako erabaki profesionalen bat aldatuko zenuke?

Egia esan ez. Ez nuke ezer ere aldatuko. Egin ditudan akats guztietatik asko ikasi dut beti. Mozambiquen adibidez, kontaktuek kale egin zidaten azken unean eta bakarrik moldatu behar izan nintzen. Horrelako bizipenekin ere asko ikasten da.

Probintzia osoan zehar gustukoen duzun txokoa. Donostiako Nautikoko zubia, baina neguan bada hobe.

Ahaztuko ez duzun paisaia bat. Lazkaomendi.

Behin eta berriro igoko zenukeen mendi bat. Uzturre mendia Belabietako bidetik.

Gustukoen duzun hondartza gipuzkoarra. Zumaiakoa, nahiz eta txikia izan ederrena da.

Urtetik urtera gehien gozatzen dituzun festa edo jaiak. Tolosarra izanda, Tolosako Ihauteriak, noski.