Datorren ikasturteari begira, ate irekien jardunaldia antolatu dute Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoan ekainaren 1ean. Egun honetan Lizeoko instalazioak ikusteko modua izango dute bertara hurbildu nahi dutenek, eta galderak egin eta orientabideak lortzeko aukera ezin hobea izango dute.

Oteitza Lizeo Politeknikoak batxilergo zein lanbide heziketa egiteko aukera zabala eskaintzen du. Gizarteak eskatzen duena eta ikasleen nahia uztartzeko bidea ematen die urte askotako esperientzia zabalak, nahitaezkoa baita formatzen dituzten ikasleak lan mundura txerta-tzea eskualdeko enpresen behar eta eskariei kasu eginez. Honekin batera, ezin ahaztu norberaren garapena, eta horretarako, Lizeoak arreta pertsonalizatua eskaintzen die bere ikasleei.

Argi dute, inguruko lantegietan eskatzen duten ikasle profila arlo industrialeko teknikariarena dela, hau da, batxilergo ikasketak bukatu ondoren lanbide heziketaren bidea aukeratzen dutenek, lan postua bermatzen dute ehuneko hainbeste handi batean. Euskal Enplegu Zerbitzuak argitaratutako datuen arabera fabrikazio mekanikoa eta elektrizitate-elektronika familietan lan txertatze maila %80 ingurukoa da eta lan postua eskuratzeko 30 bat egun behar dituzte batez beste.