Síguenos en redes sociales:

Eskupekoak, merkatu beltza eta bizkarrekoak

Hernanin iritzi kontrajarriak topa daitezke aguazilen inguruan galdetuz gero

Hernani. Aguazilaren egitekoaren inguruan herritarrei galdetuz gero hamaika erantzun bildu daitezke; ez zutela beste munduko lanik egiten, kale-bueltan ibiltzen zirela… Aguazil askoren egitekoak, ez zuen egungo udaltzain batenarekin antza askorik. Langile gutxiago zirenez herriak beste era batean zaintzen zituzten; herritarren artean begirunea eta ezaxolakeria sortuz.

Herrietan autoek -garai batean ez ziren askorik izaten- zer norabide hartu behar zuten esan baino gehiago, adibidez, nekazari asto-jabeek herrian animaliak non lotu behar zituzten informatzen zuten. Eurak zaintzeko ardura ere bazuten, esaterako, Hernanin. Tranbiatik trasteak jaisten laguntzen ere aritzen ziren. Askotan eskupeko baten truke.

Estraperlo garaian atzera eta aurrera ibiltzen ziren produktuak kontrolatzen zituzten. Baina isilka-misilka. Ez baitzen beraien egiteko zuzena, Guardia Zibilarena baizik. Batzuk ezikusiarena egiten zuten. Halere, Guardia Zibilak eurengana informazio eske joz gero, ezin izaten zuten isilik egon; herritar guztien berri jakiten baitzuten. Herrian, atzera eta aurrera ibiltzeak ematen duen esperientzia.

Hernanin, iritzi kontrajarriak topa daitezke aguazilen inguruan galdetuz gero. Julian Alcelai, Jorge Villar eta Magdaleno Bilbao aguazilak, herritarrek nahiko begiko zituzten. Ez, ordea, Nicolas Ruiz Coyote. Zorrotza zen oso. Eskola ordutan haurren bat frontoian edota udaletxeko arkupean pilotan harrapa-tzen bazuen, belarritatik hartu eta zuzenean ikastetxera eramaten zuen. Herriko haurrak ihesean ibiltzen zitzaizkion. Denda eta tabernen itxiera orduekin ere zorrotza zen. Herritarrek, pertsona larderiatsu bezala gogoratzen du.

Joxe Antonio Zubeldia Konyo ere Ruizen antzekoa ei zen. Zakarra eta jotzailea. Urtetan basozaina izan zen eta Hernani inguruko mendiak primeran ezagutzen baitzituen. 60 urterekin, aguazil izendatu zuten; 65ekin hartu zuen erretreta. Bost urte haietan hainbat herritarrek izan zuten eskutan ematen zuen makilaren berri. Bizkarreko ederrak banatu zituen. Asko, motibotrik gabe.

Gerra Zibilean, tropa matxinatuak 1936ko irailean Hernanin sartu zirenean, uniformez jantzita zegoen Zubeldiarekin egin zuten aurrez aurre topo herriko plazan. Frankisten aurka herrian nabarmendu zirenez galdetu ziotenean, "denak Bilbora ihes egin dute", erantzun zien.

Herri askotan, Gerra Zibilaren aurretik, aguazilak euskaldunak baziren ere, ostean, gehienak -salbuespenak salbuespen- erdaldunak izan ziren. Aguazilak aukeratzeko irizpideak aldatu egin ziren aldaketa politikoarekin. Horrez gain, aguazil izateko, ez zen egun bezala oposaketarik gainditu behar izaten. Asko, gainera, ez ziren indartsuak izateagatik nabarmentzen.

Gerra amaitu eta urteetara, ezaguna egin zen Jose Luis Velasco izeneko aguazila Hernanin. Boligrafo jarri zioten goitizena. Une oro boligrafoa dantzatzen aritzen baitzen. Hau da, isunak jartzen.