Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak eta Klima Aldaketaren Fundazioak, Naturklimak, BateraLabs aurkeztu dute, klima aldaketak Gipuzkoan dituen erronkei elkarlanean heltzeko herritarren partaidetzarako foro berria. Proiektua martxoan hasiko da Bidasoako eskualdean, eta pixkanaka lurralde osora zabalduko da, eskualdeko 11 prozesurekin guztira.
BateraLabs "ekintza klimatikoa prozesu kolektibo, hurbil eta parte-hartzaile bihurtzeko" helburuarekin sortu da, "herritarrak klima aldaketaren ondorioei tokikotik aurre egiteko soluzioen definizioaren erdigunean jarriz", foru erakundetik azaldu dutenez.
Horrela, "topaketa, deliberazio eta ikaskuntza partekaturako" gunea izan nahi du, baita udalekin, eskualdeko garapen agentziekin, gizarte sarearekin, eragile ekonomikoekin eta herritarrekin lankidetzan lan egiteko proiektua ere.
Aurkezpen instituzionalean Jose Ignacio Asensio Iraunkortasun diputatu eta Naturklimako presidenteak, lurraldeko 88 udalerrietako alkateek eta ordezkariek eta eskualdeko garapenerako 11 agentzietako ordezkariek parte hartu dute.
Bidasoaldea, Donostialdea, Oarsoaldea, Buruntzaldea, Tolosaldea, Goierri, Urola Garaia, Urola Erdia, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetan garatuko den proiektuaren helburuak, metodologia eta egutegia jakinarazi dira ekitaldian.
Asensiok nabarmendu duenez, BateraLabs "klimaren aldeko herritarren partaidetzarako benetako foroa da, elkarrekin lan egiteko eta ekintza klimatikoa proiektu kolektibo bihurtzeko espazioa"; izan ere, defendatu duen bezala, "trantsizio ekologikoak arrakasta izango du soilik guztion artean eraikitzen badugu, tokikotik, herritarrei entzunez eta askotariko errealitateei erantzunez".
"Gipuzkoa lurralde anitza da, erronka desberdinak ditu eskualde bakoitzean, eta proiektu honek irtenbide egokitu, bidezko eta eraginkorrak definitzea ahalbidetzen digu, pertsonak erdigunean jarriz eta klima aldaketaren aurrean erantzunkidetasuna indartuz", azaldu du diputatuak.
Benetako parte-hartzea
BateraLabs eskualde eta udal mailan egituratzen da. Gipuzkoako aniztasun orografiko, sozial eta ekonomikoak "erantzun bereiziak eta tokiko errealitate bakoitzera egokituak" eskatzen ditu, eta uholdeek, bero boladek, itsasertzeko abisu meteorologikoek edo osasunaren, ekosistemen eta ekoizpen sektoreen gaineko inpaktuek "irtenbide espezifikoak" behar dituzte eskualde bakoitzerako.
Horregatik, BateraLabs herritarren partaidetzarako eskualde-foro gisa funtzionatuko du, arazo zehatzak identifikatzera, jarduerak lehenestera eta ingurune bakoitzera egokitutako proposamenak eraikitzera bideratuta.
Eskualde bakoitzeko lan-zikloak bi saio presentzial izango ditu. Lehenengo saio batean, partaidetza-diagnostikoa egingo da, eta prozesua abiaraziko da. Bigarrenean, eztabaida kolektiboa, proposamenak formulatzea eta ekintza zehatzak lehenestea landuko da.
Gainera, postontzi fisiko ibiltari bat prestatuko da, material birziklatu eta iraunkorrekin egina, eta hainbat udalerritan zehar ibiliko da herritarren parte-hartze zuzena errazteko. Prozesuak plataforma digital bat ere izango du, lanen jarraipen irekia egiteko eta online ekarpenak jasotzeko aukera emango duena.
BateraLabsek "erantzunkidetasuna indartu" eta herritarrak trantsizio ekologikoaren "protagonista aktibo "bihurtu nahi ditu. Parte-hartze prozesu horietatik sortutako proposamenak aztertu egingo dira, tokiko eta eskualdeko plangintzan sartu eta benetako proiektuetan gauzatu ahal izateko.
Ekimena Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiaren, Klima Aldaketara Egokitzeko Foru Planaren eta Naturklimaren Behatokiaren txostenen esparruan aurretik egindako lanean oinarritzen da, ezagutza hori gizarteratzeko eta adimen kolektibo bihurtzeko beste urrats bat emanez.