Síguenos en redes sociales:

Igandean ezinbesteko hitzordua Hernion

Ehunka mendizale igoko dira Zelatunera iraileko azken erromeriaz gozatzera Izer eta Alabiarren eskutik

Igandean ezinbesteko hitzordua HernionMarta San Sebastian

Gipuzkoako gailurrik kuttunenetakoa da, eta are gehiago urte sasoi honetan. Urtero, milaka pertsonek betetzen dute zintzo asko, gutxienez iraileko lau igandetakoren batean, Herniora igotzeko ohitura. Gipuzkoar askorentzat ohitura sakratua da oraindik ere, gailurrera iritsi eta pintxo bat jatea, salda bat hartzea edo trikitixaren doinuekin dantzan egitea, Zelatungo zelaietan sortzen den giro ederra gozatuz. Igande honetan, Izer eta Alabierrek auspotuko dute triki-giroa.

Eta eguraldiak zapuzten ez badu, azken igande hauxe izaten da beti da bereziena, azkena eta jende gehien biltzen duena baita. Erromesaldiak ez du etenik izaten, aurrena Zelatungo zelaietaraino eta, ahal dutenak, gurutzeak zaintzen duen gailurreraino igotzen dira gero, mendia inguratzen duten zortzi udalerrietatik abiatutako ibilbide ugarietakoren batetik etorrita.  

Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena duen Hernio mendiak 1.079 metroko altitudea du, eta Tolosa, Alkiza, Asteasu (Iturriotz), Larraul, Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezildik (Trintxerako babesleku zaharretik) igo daiteke bertaraino.

Nolanahi ere, Iturriotzetik abiatzen den bidea izango da, ziurrenik, guztietan ezagunena. Hantxe jarraitzen du Gipuzkoako bentarik zaharrenak; kondairak dioenez, Loiolako San Inaziok gutxienez gau bat pasa omen zuen bertan, Paristik Azpeitira itzultzeko bidaian.

Asteasun eta alegian, azoka

Eta izerdirik bota gabe igande lasaiagoa pasa nahi dutenek ere aukera polita izango dute Asteasuko eta Alegiako azoka ederrekin gozatzeko.