Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak kalitatezko lanbide prestakuntza aurreratua eta berritzailea eskaintzen du. Ikastetxe publiko honen eskaintza askotarikoa da, proiektuetan eta metodologia berrietan oinarritua, eta enpresa eta erakundeei zerbitzua emanez. Partaidetza, prestakun-tza eta elkarlana oinarri gisa hartuta, pertsona arduratsu, ekintzaile, eleaniztun eta trebeak heztea du helburu, eta horretarako, irakaskuntza pertsonalizatua eta metodologia aktiboak erabiltzen dituzte. Gainera, kalitatea eta berrikuntza bermatzeko, Tknika zentroarekin lankidetza estuan aritzen da.
Tolosaldea erreferentziazko zentro bilakatu da, azken hamarkadan hartzen duen ikasle kopurua bikoiztuz; izan ere, 2023-2024ko ikasturtean 750 ikasletik gora ari dira aipatutako zentroan, bertan ikasten dutenen laneratze-tasa %94koa izanik.
Bere hezkuntza-eskaintzaz haratago, arratsaldeko ordutegian langileentzako, langabetuentzako eta enpresentzako neurrira diseinatutako ikastaroak eskaintzen dituzte. Enpresei laguntza teknologikoa ere ematen die, eta hainbat proiektu egiten ditu enpresekin elkarlanean.
Metodologia aurreratuak
Hezkuntzaren eraldaketa fasean gauden honetan, Tolosaldea LHII metodologia berrietan erreferentzia garrantzitsu bat da, ikasketa kolaboratiboa landuz eta zeharkako gaitasunei behar duten garrantzia emanez. Horretarako, irakasleen konpromisoaz gain, haien heziketak duen garrantziaz jabetzea ezinbestekoa da.
Gertutasuna
Hezkuntza sistemaren arrakastetako bat tutorizazio pertsonalizatua eta gertutasunezko arreta da, ikasleen egoera eta bilakaeraren jarraipen optimoa eginez.
Eredu eleanitza
Eleanitza proiektuaren bidez ikasgai batzuetan ingelesez ikasteko aukera dute ikasleek.
Bikaintasun sarea
Eskualde zein Estatu mailako sektore estrategikoetako bat den Mekatronika Industrialaren arloan, Estatuko bikaintasun sarerako aukeratu dute. Institutuak milioi bat euroko diru laguntza jasoko du aurkeztutako proiektua martxan jartzeko.
Heziketa Duala
Bigarren ikasturteko ikasleek aukera izaten dute ikasgelako eta lan-munduko edukiak uztartzeko. Enpresa munduarekin harremana izateko aukera paregabea izateaz gain, Dualean parte hartzen ari diren bitartean, soldata bat jasotzen dute. Bestalde, bigarren urtez, lehenengo mailako ikasleek ere parte hartu ahal izan dute Dual formatuan, maiatza inguruan hiru astez enpresetan praktikak eginez.
Lan-praktikak
Praktika ordu kopuru altua egiteko aukera dute ikasleek. Gainera, bigarren mailako azken hiru hilabetean praktikak egiten dituzte. Bestalde, Erasmus+ programaren barruan, atzerriko hainbat herrialdeetan ikasketak eta enpresetan praktikak egiteko aukera dute.
Ekintzailetza
Ikasenpresa programa ziklo guztietan ematen da, enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzeko eta ekintzailetasunari loturiko gaitasunak sustatzeko (sormena, berrikuntza, talde-lana, ekimena, lidergoa, konpromisoa, etab.).
Paper Eskola
Datorren ikasturtetik aurrera, Tolosa erdialdean dagoen paper eskola ere kudeatuko du Tolosaldeak, bertan Kimikagintzako erdi eta goi mailako zikloak eskainiz.
Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren hezkuntza-eskaintza
ERDI MAILA
- Kimika (berria)
- Soldadura eta galdaragintza
- Mekanizazioa
- Mikroinformatika sistemak eta sareak
- Instalazio elektriko eta automatikoak
- Merkataritza jarduerak
- Natur ingurunean gorputz eta kirol ekintzen gidaritza
GOI MAILA
- Kimika Industriala (berria)
- Fabrikazio mekanikoko diseinua (berria)
- Administrazio eta Finantzak
- Mekatronika industriala
- Automatizazioa eta robotika industriala
- Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa
- Eraikuntza metalikoak
- Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea
- Egokitzapen fisikoa
- Sareko informatika-sistemen administrazioa
- Plataforma anitzeko aplikazioen garapena
ESPEZIALIZAZIO ZIKLOAK
- Interneteko Sistemen Instalazio eta Mantenua (IOT)
- Elkarlaneko Robotika