- Ekainaren 25ean Suak harrotuz ikuskizun berezia izango da Ibarran. Solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana balioan jartzeko ibilbide antzeztuan parte hartzea proposatzen dute. Zumardial Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatu du egitasmoa.

Uzturpe Ikastolatik hasita, hiru gune izango ditu ibilbideak, herri gunean edo basogunean. Lehenengo gunean sorgin itxurako emakume batek hartuko du taldea eta eguzkiaren inguruko kondaira kontatuko du. Bigarren gunean beste kontalari bat egongo da eta naturarekin zerikusia duten ohituren berri emango du. Sendabelarretan aditua den kontalaria izango da eta bere jakintza transmititzen ere saiatuko da. Azkenik, hirugarren gunean dantza-kontakizun bat egingo da, suaren inguruan. Egitasmoaren koordinatzaile lanetan dabil Pablo Dendaluze eta kontalari lanean Nagore Etxedona, Nagore Leon, Itziar Saenz de Ojer eta Eli Trojaola.

Ibilbidearen helburua da naturarekin bat egitea, behaketan trebatu eta gizakion, bereziki, emakumeen jakintzak eta gaitasunak ikusaraztea, ahalduntzean naturarekiko konexioak eta ezagutzak duen garrantzia azpimarratuz.

Plangintzaren arabera, hilaren 25ean, 17.00etatik aurrera, ordu erdiro ikusle talde bat abiatuko da; taldeak gehienez 20 lagunekoak izango dira eta Uzturpe Ikastola izango da topalekua. Adin guztietako pertsonei zuzendua dago (hamar urtez azpikoak heldu batekin joan beharko dute). Aurrerago emango dute izen-emateko bideen berri .