- Urola Bizirik taldeak eta beste hainbat herritarren eskariei erantzunez, Azpeitiko Udalak Urola ibaia garbitu zuen martxoan zehar udalerrian; eta lan horiek bukatuta, garbiketak emandakoaren inguruko erakusketa eta hitzaldia izango dira datorren astean, beti ere, “herritarrak ingurumenaren eta ibaiaren zaintzaren garrantziaz sentsibilizatzeko”.

Hasteko, ibaiaren garbiketaren inguruan ateratako 30 argazkiz osatutako erakusketa ikusi ahal izango da astelehenetik hilaren 29ra bitartean Sanagustinen.

Maiatzaren 11n, berriz, egindako lana aurkezteko hitzaldia izango da (19.00etan) kulturgunean bertan. Horretaz gain, “herriko ikastetxeei ere eskainiko zaie erakusketa bisitatu, egindako lanaren inguruko bideoa ikusi eta Urola Bizirik taldeko kideen azalpenak jasotzeko aukera”, azaldu dute Udaletik.

Martxoan zehar, hamabost egunez sei lagun aritu ziren Urola ibaiaren Azpeitiko zatia (9,8 kilometro) garbitzen. Bildutako hondakinak (5.780 kilo) Lapatxen bildu, aztertu eta gaika sailkatu zituzten.