Korrikaren 22. edizioko bigarren etapa Gipuzkoatik ere pasako da. Ostiral honetan, apirilaren batean, euskararen aldeko ekitaldia Debabarrena eta Debagoienako hainbat herritatik igaroko da goizeko 09:30ak eta eguerdiko 14:00ak artean. Eibar, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza izango dira Korrikaren lekuko, hurrenez hurren.

Lasterketa ofizialaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dira udalerri guztietan honen harira, Korrika Kulturala deritzonaren parte direnak. Haurrentzako jolasak, musika kontzertuak, kalejirak edota trikipoteoak ohikoak dira egitarauetan eta bi eskualde hauetako herrietan ospakizuna egun osoan zehar zabalduko da.

  • Irakur ezazu gehiago: Luix Intxauspe, Korrikaren koordinatzailea Gipuzkoan: "Mundu guztiak adierazten du euskararen alde dagoela, baina elementu batzuk kezkagarriak dira"

Korrika lehenbizi Eibartik pasako da Gipuzkoan, ostiraleko goizeko 09:30etan; lehenengo kilometroan, Gaizka Garitanok, gizonezkoen Eibar futbol taldeko entrenatzaileak, eta Sheila Elorzak, emakumezkoen taldeko jokalariak, eramango dute lekukoa. Bestetik, herriko Jai Batzordeak ekintza ugari antolatu ditu, egunaz gozatu ahal izateko. Lasterketa herrian sartu aurretik, 09:00etan, argazkia aterako dute Untzagan; 11:00etan, Korrika pasa ostean, hamaiketakoa egingo dute. Arratsaldean, berriz, poteo musikatua, karaokea eta jolasak izango dira Kalaka tabernan, 19:00ak inguru eta, amaitzeko, 21:00etan, bertso-afaria egongo da Kultun, Maider Arregi eta Unai Iturriaga bertsolarien parte-hartzearekin.

Elgoibarren goizeko 10:16etan dago aurreikusita Korrikaren sarrera. Aurretik hasiko da, baina, martxa herrian, 10:00etatik aurrera Mauxitxa txarangaren kalejira martxan izango baita. Eguerdian berriz, 14:35eta, Korrika Txikia ospatuko da, haurren parte-hartzea sustatzen duen lasterketa eta txikienei egokitutakoa.

Ondoren, Soraluzeren txanda da. Goizeko 10:55etan igaroko da Korrika bertatik, baina festa izango da ere euskararen aldeko lasterketa herritik irten eta gero. Izan ere, 12:30etan ekitaldi bat eta kantu-jira jazoko dira Plaza Berrian eta gaueko 21:00etan, Tripa Festa eta bertsolariak izango dira gaztetxean.

Debabarrenaren ostean, Korrika Debagoienan sartuko da, Bergaratik, hain zuzen ere; 11:59etan izango da, antolatzaileen arabera. Horrez gain, gaualde girotsua biziko dute herritarrek, Seminarioko karpan musika ekitaldiak izango dira eta. 19:30etan, plaza-dantza gidatuak gauzatuko ditu Bergarako Musika Eskolak eta, 20:30etan, Errietan eta Lemak taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Arrasate izango da hurrengo herria, Korrika handik pasako baita 12:57etan. Aurretik, goizeko 10:00etan, Korrika Txikia ospatuko dute bertako haurrek eta ekintza ugari daude antolatuta gaualderako. Besteak beste, Nikotina taldearen kontzertua izango da Irati topalekuan, 19:30etan eta 22:00etan, Korrikaraokean parte hartzeko aukeraKorrikaraokea izango da gaztetxean. Altamirako kronoeskalada, aldiz, bertan behera uztea erabaki dute

Korrika Aretxabaletatik pasako da eguerdia aurrera joan ahala, 13:43ak inguru. Baina ez da aspertzeko astirik izango bertako kaleetan barrena egunean zehar; Korrika Txikia, aurreikusitako eguraldi kaxkarra dela eta, bertan behera uztea erabaki bada ere, Atxabaltako Korrika Batzordeak haurrentzako jolasak antolatu ditu herriko plazan 17:00ak eta 18:00ak bitarte. Gainera, txokolate beroa banatuko zaie txikienei, gozozaleenen gozamena piztuko duena. Hori amaitutakoan, Upeide kalejira musikatua izango da eta 21:30etan, kontzertua eskainiko da, Huhezinemaren eskutik.

Eskoriatzan amaituko da Korrikak Gipuzkoan egingo duen lehen sartu-atera, 13:56etan aurreikusita dagoen lez. Haurrentzako ekintzak, hala nola, Korrika Txikia eta arratsaldeko buruhandiak eta trail ekitaldia, bertan behera utzi dituzte tamalez, eguraldia dela eta. Hori bai, 19:00etatik aurrera txistorra pintxoak eta bokatak izango dira kontzejupean, baita herriko Ainhoa eta Irene bikoteak eta Txalaina taldeak emandako musika kontzertuak ere. Azkenik, Seiurte taldeak ere musika kontzertua eskainiko du, 22:00etan, Inpernu tabernan.